ugartetik

MIKEL AMUNDARAIN SASKIGINTZAN

Asteartea, 2008 Urtarrila 29
Kategoria: Ugarte, Alegia

Gaurkoa nire osaba eta “attepunteko” Mikeli eskainiko diot

Saskigintza aspaldiko jarduera da Euskal Herrian. Garai batetan saski hauek oinarrizko produktuak ziren. Behar konkretu bakoitzerako saski mota bat zegoen. Gainera ia baserri guztietan egiten ziren saskiak, bakoitzak behar zituenak eta bakoitzak ahal zuen modukoak. Bizimoduaren aldaketarekin eta material berriak agertzearen ondorioz, ohitura hau desagertzen joan zen. Gutxi dira gaur egun saskigintzan aritzen direnak, horietako bat da Mikel.

Mikel Amundarain Amezketako Beantetxeberri baserrian jaio zen duela 71 urte. Bedaioko Iruña baserriko Tere Goikoetxearekin ezkondu zen Ugarten eta bertan jarri ziren bizitzen. Hemen jaio ziren beraien 4 seme alabak ere baina badira ia 30 urte Alegian bizi direla. Gaur egun Alegian dauka Mikelek saskigintzan aritzeko bere txokoa.
Bere lantokitik jubilatu zenean hasi zen Mikel saskiak egiten, denbora pasan. Beantetxeberrin bere aita Joxe Mari eta Iruñan Pedro Goikoetxea ikusi izan zituen lan honetan. Bi hauei ikusitakoak gogoratuz hasi zen bere kasa lanean, beraiei begira egon ohi zeneko momentuetan ikasitakoak praktikan jarri nahian. Ez zuen bere lehen saskia gaur egun egiten duen bezain erraz egin. Aspaldian ikusitakoak gogoratuz hasi zen eta zenbait momentutan trabatuta geratu izan zen nola jarraitu ez zekiela. Bere eredu izandako biak jada hilik zeudenez bere kabuz joan zen Mikel pixkanaka teknikaz jabetzen, bere estilo eta berrikuntza pertsonalak sartuaz. Haiengan ikusten zuenetik hainbat aldaketa egin ditu, lana errazago egin ahal izateko: lanerako mahaitxoa, moldeak, lanean ari den bitartean saskia geldirik mantentzeko sistema…

Honako prozesua jarraitzen du saskia osatzeko :

1. Adarretik zumitzak atera (Zumitza: Zuhaitz-adarretik lortzen den zurezko zati luze eta mehea). Adar bakoitzetik 8-10 zumitz.
2. Zumitzak zuritu
3. Ipurdirako zumitzak moztu eta oinarria egin
4. Moldea jarri
5. Lanerako mahaian lotu oinarria
6. Bueltaka hasi zumitz luzearekin, bilbe egituran. Zumitz bat bukatutakoan beste batekin jarraitu.Zutik dauden zumitzek altuera markatuko dute. Hasierako bueltak bi zumitzekin egiten ditu.
7. Nahi adina altuera emandakoan uztai egokia aukeratu edo egin. Uztai hauek aurrez eginda izaten ditu batzuk, forma eta tamaina desberdinetakoak. Bestela behar duena egin. Molde batean edukitzen ditu forma hartzen. Uztaia kola eta iltzearekin lotzen du.
8. Uztaia lotzeko gora begira dauden zumitz zatiak biratu bihurkinaren laguntzaz. Bildutako hauek kolarekin txukundu, berdindu, kolatu…
9. Izpiak txukundu, tarteko zumitz puskak moztu, zumitzen arteko loturak txukundu…

Hona hemen prozesu guzti hau erakusten duen argazki sorta.
BubbleShare: Share photos -
Aurrez prestaketak eginda izan ezkero ordubetean saski bat osatua izaten du Mikelek.

Bere aurrekoei ikusi zien bezala Mikelek hurritzaren adarrekin egiten ditu saskiak, oinarrirako gaztainondoarena erabiltzen du. Uztaia egiteko hurritzaz gain bestelakorik ere erabili izan du: aranondoa, sahatsa…

Altzo ingurutik ekartzen ditu behar dituen adarrak. Urteko edozein garaitan biltzen ditu berak. Izerditsu dagoenean azala errazago kentzen zaio baina hala ere urtean osoan zehar biltzen eta erabiltzen ditu berak. Ez du urik ez laberik behar izaten zumitzak lantzeko.

Ondorengo argazki sortan jada eginda dauden saskien bilduma ikus dezakegu. Forma, tamaina, kolore edo erabilera desberdinetakoak dauzka. Saskien artean daude baita ere Mikelek egiten dituen makila eta aulkiak ere.

BubbleShare: Share photos -
Batzutan etxe ondoan bertan izaten ditugu artisaurik hoberenak.
AUPA MIKEL, SEGI HOLAXE URTE ASKOAN!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (7) erantzun

UGARTEARRAK ABIADURA HANDIKO TRENAREN AURKA

Asteartea, 2008 Urtarrila 22
Kategoria: Ugarte

 Datorren larunbatean Tolosan izango den Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa dela eta, duela 12 urte UGARTEn burututako ekimena gogoratu dut.

AHTren aurkako asanbladako kideen eskutik bi hitzaldi antolatu ziren Ugarteko elkartean. Jende askok parte hartu zuen. Ondorioz eskutitz bat idatzi eta firmak bildu ondoren egunkari guztietara bidali zen. Ordutik zenbait gauza aldatu dira, beste leku batzuetatik bideratu nahi dute proiektua, baina hala ere garai hartan AHTren aurka aipatu genituen argumentuak guztiz baliagarriak dira gaur egun ere. Hona hemen  eskutitza,  jada gure artean ez ditugun EGIN eta EGUNKARIAn oso osorik azaldu zen gure eskutitza.

“Abiadura handiko trena dela eta honako hau adieraz nahi dugu Ugarteko bizilagunok: Lehenik eta behin esan ez dugula inolako informaziorik jaso instituzioen aldetik eta guk, Ugarteko bizilagun bezala, badugu zer esanik tamaina horretako proiektu baten aurrean. Daukagun informazio apurra gure kabuz lortua izan da. Informazio horren arabera konkretuki gure ingurunean, Ugarten, 4 km-tako tunel bat eraikiko litzateke, horrek dakartzan ondorio txar guztiekin:

- Non utziko dituzte tunelak egiterakoan ateratako zaborrak? (km bakoitzeko 120.000m3)

- Gaur egun gure artean ditugun iturrien desbideratzea, desagertzea edo lurraren lehortzearen arriskua.

- Tunela estaltzeko erabiliko den hormigoiarentzat plantak jartzea eta harri beharra dela eta harrobi berriak ireki edo lehengoak indartzeko posibilitatea.

- Zarata handia

- Etab.

Abiadura Handiko Trenak orain artean naturaren aurka egindako txikiziorik bortitzenetakoa suposa dezake. Hondamendi honek gure inguruneko animalia, hegazti, landare eta basoetan konponezineko kalteak sortuko bati ditu. Abiadura Handiko Trenaren neurrigabeko energi kontsumoa dela eta naturaren kalterako diren energi iturrien aldeko apustua egingo litzateke, lurraren oreka berriro ere arriskutan jarriaz. Proiektu mota honek hiri handiak bultzatu eta herri txikiak baztertzen ditu, nekazal herrien iraupenerako kaltegarria delarik. Gainera Abiadura Handiko Tren honek ez du baliorik jende arruntarentzako. Guzti hau dela eta, eskatzen eta exijitzen dugu proiektu hau bertan behera geratu dadila, eta adierazi nahi dugu segidan sinatzen dugun ugartearrak Abiadura Handiko Trenaren txikizio horren aurka gaudela.

(93 sinaduraren izenean. Ugarten 98 biztanle daude) 1996ko urria”

DATORREN LARUNBATEAN, URTARRILAK 26, TOLOSAN DUGU ZITA PROIEKTU TXIKITZAILE HONEN AURKA GAUDENOK.


1997ko ekainaren 7a, Tolosako Trianguloan

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  Erantzun(1)

Ugartek badu bere bloga

Ostirala, 2008 Urtarrila 11
Kategoria: Ugarte

Gaurkoan blogari hasiera ematen diot.

Ugartetik izena jarri diot Ugartekoa naizelako, Alegin bizi arren beti Ugartera bueltaka nabilelako, Ugarte maite dudalako eta Ugarteko gauzetaz hitz egin eta berri ematea gustatuko litzaidakeelako. Gainera Ugarteri buruz zer edo zer esan nahi duen edonori eskaini nahi diot nire blogean partehartzea, postak jartzea, iritziak ematea, ideiak, nirekin lankidetzan aritzea… Bestalde beste zenbait gai ere ukitu nahi nituzke, Alegikoak, Euskal Herrikoak, mundukoak, bizitzari edo lanbideari lotutakoak Hau da, edozein gairi buruz idatziko dut.

Alde batetik ilusioz hasten naiz, asmo eta ideia desberdinekin. Kezkatuta ere bai  gai hauetan ez naizelako oso iaioa. Tontokaletik-ek animatu ninduen eta berak lagundu dit hasten. Aurrerantzean ere lagundu beharko dit. Hasiberriaren umiltasunez, gutxienez hilean behin zer edo zer kontatzen saiatuko naiz.

Txintxarrisferan ere parte hartzeko asmoz nator. Duela hilabete pare bat nire amak kontatu zidan alegiar talde bat izan zela Ugarten gure etxean afaltzen, mondejuak jaten. Argazkiak atera eta atera aritu zirela. Interneten jarri behar omen zituztela. Orduan ez nekien Txintxarrisfera zer zen ere. Hor topatu nituen gero, interneten saltsan nenbilela, egun hartan ateratako argazkiak eta komentarioak. Ondo pasatu zenutela ematen du behintzat! Ordutik hasi nintzen Txintxarrisferakooi pista jarraitzen.

Txintxarrisfera ez ezik,elbisferarik edo amurraisferarik sortuko balitz, han ere parte hartzeko prest!

Besterik gabe, hemen hasten da Ugartetik-en ibilbidea.

Hona hemen Ugarteren bereizgarritako bat den Ingurutxoaren argazki batzuk. (Iñaxio Amundarainek eta Joxe Zelaiak utzita, Jon Zubeldiak digitalizatuta. Eskerrik asko.)

BubbleShare: Share photos - Find great Clip Art Images.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (17) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft