UGARTEARRAK ABIADURA HANDIKO TRENAREN AURKA
Asteartea, 2008 Urtarrila 22Datorren larunbatean Tolosan izango den Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa dela eta, duela 12 urte UGARTEn burututako ekimena gogoratu dut.
AHTren aurkako asanbladako kideen eskutik bi hitzaldi antolatu ziren Ugarteko elkartean. Jende askok parte hartu zuen. Ondorioz eskutitz bat idatzi eta firmak bildu ondoren egunkari guztietara bidali zen. Ordutik zenbait gauza aldatu dira, beste leku batzuetatik bideratu nahi dute proiektua, baina hala ere garai hartan AHTren aurka aipatu genituen argumentuak guztiz baliagarriak dira gaur egun ere. Hona hemen eskutitza, jada gure artean ez ditugun EGIN eta EGUNKARIAn oso osorik azaldu zen gure eskutitza.

“Abiadura handiko trena dela eta honako hau adieraz nahi dugu Ugarteko bizilagunok: Lehenik eta behin esan ez dugula inolako informaziorik jaso instituzioen aldetik eta guk, Ugarteko bizilagun bezala, badugu zer esanik tamaina horretako proiektu baten aurrean. Daukagun informazio apurra gure kabuz lortua izan da. Informazio horren arabera konkretuki gure ingurunean, Ugarten, 4 km-tako tunel bat eraikiko litzateke, horrek dakartzan ondorio txar guztiekin:
- Non utziko dituzte tunelak egiterakoan ateratako zaborrak? (km bakoitzeko 120.000m3)
- Gaur egun gure artean ditugun iturrien desbideratzea, desagertzea edo lurraren lehortzearen arriskua.
- Tunela estaltzeko erabiliko den hormigoiarentzat plantak jartzea eta harri beharra dela eta harrobi berriak ireki edo lehengoak indartzeko posibilitatea.
- Zarata handia
- Etab.
Abiadura Handiko Trenak orain artean naturaren aurka egindako txikiziorik bortitzenetakoa suposa dezake. Hondamendi honek gure inguruneko animalia, hegazti, landare eta basoetan konponezineko kalteak sortuko bati ditu. Abiadura Handiko Trenaren neurrigabeko energi kontsumoa dela eta naturaren kalterako diren energi iturrien aldeko apustua egingo litzateke, lurraren oreka berriro ere arriskutan jarriaz. Proiektu mota honek hiri handiak bultzatu eta herri txikiak baztertzen ditu, nekazal herrien iraupenerako kaltegarria delarik. Gainera Abiadura Handiko Tren honek ez du baliorik jende arruntarentzako. Guzti hau dela eta, eskatzen eta exijitzen dugu proiektu hau bertan behera geratu dadila, eta adierazi nahi dugu segidan sinatzen dugun ugartearrak Abiadura Handiko Trenaren txikizio horren aurka gaudela.
(93 sinaduraren izenean. Ugarten 98 biztanle daude) 1996ko urria”
DATORREN LARUNBATEAN, URTARRILAK 26, TOLOSAN DUGU ZITA PROIEKTU TXIKITZAILE HONEN AURKA GAUDENOK.
1997ko ekainaren 7a, Tolosako Trianguloan
zabaldu |
del.icio.us |


