MIKEL AMUNDARAIN SASKIGINTZAN
Asteartea, 2008 Urtarrila 29Gaurkoa nire osaba eta “attepunteko” Mikeli eskainiko diot
Saskigintza aspaldiko jarduera da Euskal Herrian. Garai batetan saski hauek oinarrizko produktuak ziren. Behar konkretu bakoitzerako saski mota bat zegoen. Gainera ia baserri guztietan egiten ziren saskiak, bakoitzak behar zituenak eta bakoitzak ahal zuen modukoak. Bizimoduaren aldaketarekin eta material berriak agertzearen ondorioz, ohitura hau desagertzen joan zen. Gutxi dira gaur egun saskigintzan aritzen direnak, horietako bat da Mikel.
Mikel Amundarain Amezketako Beantetxeberri baserrian jaio zen duela 71 urte. Bedaioko Iruña baserriko Tere Goikoetxearekin ezkondu zen Ugarten eta bertan jarri ziren bizitzen. Hemen jaio ziren beraien 4 seme alabak ere baina badira ia 30 urte Alegian bizi direla. Gaur egun Alegian dauka Mikelek saskigintzan aritzeko bere txokoa.
Bere lantokitik jubilatu zenean hasi zen Mikel saskiak egiten, denbora pasan. Beantetxeberrin bere aita Joxe Mari eta Iruñan Pedro Goikoetxea ikusi izan zituen lan honetan. Bi hauei ikusitakoak gogoratuz hasi zen bere kasa lanean, beraiei begira egon ohi zeneko momentuetan ikasitakoak praktikan jarri nahian. Ez zuen bere lehen saskia gaur egun egiten duen bezain erraz egin. Aspaldian ikusitakoak gogoratuz hasi zen eta zenbait momentutan trabatuta geratu izan zen nola jarraitu ez zekiela. Bere eredu izandako biak jada hilik zeudenez bere kabuz joan zen Mikel pixkanaka teknikaz jabetzen, bere estilo eta berrikuntza pertsonalak sartuaz. Haiengan ikusten zuenetik hainbat aldaketa egin ditu, lana errazago egin ahal izateko: lanerako mahaitxoa, moldeak, lanean ari den bitartean saskia geldirik mantentzeko sistema…
Honako prozesua jarraitzen du saskia osatzeko :
1. Adarretik zumitzak atera (Zumitza: Zuhaitz-adarretik lortzen den zurezko zati luze eta mehea). Adar bakoitzetik 8-10 zumitz.
2. Zumitzak zuritu
3. Ipurdirako zumitzak moztu eta oinarria egin
4. Moldea jarri
5. Lanerako mahaian lotu oinarria
6. Bueltaka hasi zumitz luzearekin, bilbe egituran. Zumitz bat bukatutakoan beste batekin jarraitu.Zutik dauden zumitzek altuera markatuko dute. Hasierako bueltak bi zumitzekin egiten ditu.
7. Nahi adina altuera emandakoan uztai egokia aukeratu edo egin. Uztai hauek aurrez eginda izaten ditu batzuk, forma eta tamaina desberdinetakoak. Bestela behar duena egin. Molde batean edukitzen ditu forma hartzen. Uztaia kola eta iltzearekin lotzen du.
8. Uztaia lotzeko gora begira dauden zumitz zatiak biratu bihurkinaren laguntzaz. Bildutako hauek kolarekin txukundu, berdindu, kolatu…
9. Izpiak txukundu, tarteko zumitz puskak moztu, zumitzen arteko loturak txukundu…
Hona hemen prozesu guzti hau erakusten duen argazki sorta.
BubbleShare: Share photos -
Aurrez prestaketak eginda izan ezkero ordubetean saski bat osatua izaten du Mikelek.
Bere aurrekoei ikusi zien bezala Mikelek hurritzaren adarrekin egiten ditu saskiak, oinarrirako gaztainondoarena erabiltzen du. Uztaia egiteko hurritzaz gain bestelakorik ere erabili izan du: aranondoa, sahatsa…
Altzo ingurutik ekartzen ditu behar dituen adarrak. Urteko edozein garaitan biltzen ditu berak. Izerditsu dagoenean azala errazago kentzen zaio baina hala ere urtean osoan zehar biltzen eta erabiltzen ditu berak. Ez du urik ez laberik behar izaten zumitzak lantzeko.
Ondorengo argazki sortan jada eginda dauden saskien bilduma ikus dezakegu. Forma, tamaina, kolore edo erabilera desberdinetakoak dauzka. Saskien artean daude baita ere Mikelek egiten dituen makila eta aulkiak ere.
BubbleShare: Share photos -
Batzutan etxe ondoan bertan izaten ditugu artisaurik hoberenak.
AUPA MIKEL, SEGI HOLAXE URTE ASKOAN!
zabaldu |
del.icio.us |


