ugartetik

MIKEL AMUNDARAIN SASKIGINTZAN

Asteartea, 2008 Urtarrila 29
Kategoria: Ugarte, Alegia

Gaurkoa nire osaba eta “attepunteko” Mikeli eskainiko diot

Saskigintza aspaldiko jarduera da Euskal Herrian. Garai batetan saski hauek oinarrizko produktuak ziren. Behar konkretu bakoitzerako saski mota bat zegoen. Gainera ia baserri guztietan egiten ziren saskiak, bakoitzak behar zituenak eta bakoitzak ahal zuen modukoak. Bizimoduaren aldaketarekin eta material berriak agertzearen ondorioz, ohitura hau desagertzen joan zen. Gutxi dira gaur egun saskigintzan aritzen direnak, horietako bat da Mikel.

Mikel Amundarain Amezketako Beantetxeberri baserrian jaio zen duela 71 urte. Bedaioko Iruña baserriko Tere Goikoetxearekin ezkondu zen Ugarten eta bertan jarri ziren bizitzen. Hemen jaio ziren beraien 4 seme alabak ere baina badira ia 30 urte Alegian bizi direla. Gaur egun Alegian dauka Mikelek saskigintzan aritzeko bere txokoa.
Bere lantokitik jubilatu zenean hasi zen Mikel saskiak egiten, denbora pasan. Beantetxeberrin bere aita Joxe Mari eta Iruñan Pedro Goikoetxea ikusi izan zituen lan honetan. Bi hauei ikusitakoak gogoratuz hasi zen bere kasa lanean, beraiei begira egon ohi zeneko momentuetan ikasitakoak praktikan jarri nahian. Ez zuen bere lehen saskia gaur egun egiten duen bezain erraz egin. Aspaldian ikusitakoak gogoratuz hasi zen eta zenbait momentutan trabatuta geratu izan zen nola jarraitu ez zekiela. Bere eredu izandako biak jada hilik zeudenez bere kabuz joan zen Mikel pixkanaka teknikaz jabetzen, bere estilo eta berrikuntza pertsonalak sartuaz. Haiengan ikusten zuenetik hainbat aldaketa egin ditu, lana errazago egin ahal izateko: lanerako mahaitxoa, moldeak, lanean ari den bitartean saskia geldirik mantentzeko sistema…

Honako prozesua jarraitzen du saskia osatzeko :

1. Adarretik zumitzak atera (Zumitza: Zuhaitz-adarretik lortzen den zurezko zati luze eta mehea). Adar bakoitzetik 8-10 zumitz.
2. Zumitzak zuritu
3. Ipurdirako zumitzak moztu eta oinarria egin
4. Moldea jarri
5. Lanerako mahaian lotu oinarria
6. Bueltaka hasi zumitz luzearekin, bilbe egituran. Zumitz bat bukatutakoan beste batekin jarraitu.Zutik dauden zumitzek altuera markatuko dute. Hasierako bueltak bi zumitzekin egiten ditu.
7. Nahi adina altuera emandakoan uztai egokia aukeratu edo egin. Uztai hauek aurrez eginda izaten ditu batzuk, forma eta tamaina desberdinetakoak. Bestela behar duena egin. Molde batean edukitzen ditu forma hartzen. Uztaia kola eta iltzearekin lotzen du.
8. Uztaia lotzeko gora begira dauden zumitz zatiak biratu bihurkinaren laguntzaz. Bildutako hauek kolarekin txukundu, berdindu, kolatu…
9. Izpiak txukundu, tarteko zumitz puskak moztu, zumitzen arteko loturak txukundu…

Hona hemen prozesu guzti hau erakusten duen argazki sorta.
BubbleShare: Share photos -
Aurrez prestaketak eginda izan ezkero ordubetean saski bat osatua izaten du Mikelek.

Bere aurrekoei ikusi zien bezala Mikelek hurritzaren adarrekin egiten ditu saskiak, oinarrirako gaztainondoarena erabiltzen du. Uztaia egiteko hurritzaz gain bestelakorik ere erabili izan du: aranondoa, sahatsa…

Altzo ingurutik ekartzen ditu behar dituen adarrak. Urteko edozein garaitan biltzen ditu berak. Izerditsu dagoenean azala errazago kentzen zaio baina hala ere urtean osoan zehar biltzen eta erabiltzen ditu berak. Ez du urik ez laberik behar izaten zumitzak lantzeko.

Ondorengo argazki sortan jada eginda dauden saskien bilduma ikus dezakegu. Forma, tamaina, kolore edo erabilera desberdinetakoak dauzka. Saskien artean daude baita ere Mikelek egiten dituen makila eta aulkiak ere.

BubbleShare: Share photos -
Batzutan etxe ondoan bertan izaten ditugu artisaurik hoberenak.
AUPA MIKEL, SEGI HOLAXE URTE ASKOAN!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu | 

7 erantzun »

Post honen Trackback-a egiteko URI-a honako hau da: http://ugartetik.blogsome.com/2008/01/29/mikel-amundarain-saskigintzan/trackback/

  1. Jenio i figura! Hoixe da osaba Mikel.
    Nik ere badaukat bere saski bat, mahai gainean agertzen ziren lauki horietako baten igual iguala. Onttoak biltzerakoan oraindik ez det suerte gehiegirik izan baino saskia politte izan, ikearri politte da.
    Beno Eider zorionak halako erreportai politte eitteatik eta aber ba hurrengoa hau bezain politte eitten dezun.
    Ondo segi ta ondo pasa iñauterik, aio!

    Comment by Unai — January 29, 2008 @ 8:43 pm

  2. Joe! Hoi da, hoi, erreportajea in dezuna, Eider! Bejondeizula!

    Ikearri gustatu zait gaurkoa: azalpen txukunek oso, argazkik-eta oso polittek… En fin, artista hutse inda zarela!

    Egie esan, enekin gue osaba Mikelen alderdi horren berri. Be txoko horta bixiten bat in beharkoyeu!

    Beno, Ugartekoa, holaxe segi ta ea besteok’e IKT asunto hotan trebatzen haste gean.

    Indartsu bizi!

    Latuko Aritz.

    Comment by Aritz — January 29, 2008 @ 10:18 pm

  3. Iepa Aritz,
    Ba ea zu ere animatzen zean IKTekin saltsan ibiltzen. Igual Amezketako irakurketa talde horren berri eman zenzezake! Ondo izan!

    Comment by Eiam — January 30, 2008 @ 8:06 am

  4. Kaixo Eider,gaur atsaldea poztu diazu,aztuta neuzkan gauza batzuk gogorarazi dizkiazu ta blog guztia ikusi ta geo.Mikelen erreportaian erantzun dizut azkena auxe ikusi dudalako ta oso landua iruditu zaidalako.Eskumiñek Ugarten bizi gean gutxi hauen partetik eta ea pixkat laguntzen dizugun hemendik.ZOOOOORIONAK!!!!!!

    Comment by Larraitz — February 7, 2008 @ 2:56 pm

  5. Eskerrik asko Larraitz. Gustura hartuko det edozein laguntza. Ea pixkat gure Ugarte mattean berri ematen deun denon arten. Nik uste det asko daukeula kontatzeko. Saiatuko gea.

    Comment by Administrator — February 7, 2008 @ 10:00 pm

  6. Aupa eider ta osaba mikel!
    Besarkada bat.

    Aritz (naparra).

    Comment by Aritz Goikoetxea — January 12, 2009 @ 5:44 pm

  7. Aupa Aritz!
    Hau poza zure berri izatea. Badakizu hemendik aurrea Ugarteko berri izateko nun begiratu. Ondo segi eta laister arte naparra!

    Comment by Administrator — January 12, 2009 @ 5:51 pm

Post honen erantzunen RSS jarioa.

erantzuna sartu

Lerro eta paragrafo jauziak automatikoki egiten dira, e-mail helbidea ez da inoiz pantailaratuko, HTML baimendua: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>



Anti-spam neurria: goian agertzen den testua berridatzi, mesedez.


Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft