TALOAK. IKAS DEZAGUN ETXEAN EGITEN!
Asteartea, 2008 Otsaila 19Guztiok ezagutzen dugu taloa, arto-irinarekin egindako opila. Gure baserritako ohiko jakietako bat izan da. Informazio asko dago idatzita taloei nahiz artoari buruz.
Gaur egun ordea ia ia azoketan, herriko festetan eta antzekoetan bakarrik jaten da. Hala ere herri txiki eta baserrietan oraindik ere norberaren etxean egin eta jaten dira taloak, Ugarten behintzat bai. Jarraian honen bi adibide erakutsiko ditut argazki bidez. Ea animatzen zareten etxean taloak egitera! Irakurri jarraibideak eta ikusi argazkiak, ez da hain zaila.
Nola egin taloa?
1. Ontzi batean arto-irina, ur beroa eta gatza nahastu. (Arto irina ehotu berria bada hobe)
2. Guztia nahastu eta eskuekin landu. Minutu batzutan aritu behar da masa edo orea eskuez lantzen, biratzen, mugitzen… (Eskuetan eta ontzian itsatsita ez bada geratzen eta pilotak egiteko moduan baldin badago, ondo egin dugu masa)
3. Pilotak egin (Gutxi gora behera eskuz jokatzek piloten neurrikoak)
4. Orea talo oholaren gainean zabaldu, eskuekin zanpatuz
5. Jarraian txapa beroen erre taloa, bi aldeetatik. (Ekonomikan, txapan, plantxan, talo burnian, zartaginean…). Erretzerakoan pixka bat puztu egingo dira taloak, masa ondo egina dagoela eta irina ona dela adierazten omen du horrek.
Lehenengo argazki multzo honetan Nekane Goikoetxea ikusten da taloak egiten. Bere ahizpak ere talogile iaioak dira: Tere, Klarita (bigarren argazki multzoan ageri dena)… Beraien amarekin, Anjelita Arandia zenarekin, ikasi zuten.
Ikusi bezala txistorrarekin, hirugiharrarekin, gaztarekin, txokolatearekin, esnearekin (gatz pixka bat botata), edo jan behar duenak nahi duenarekin jan daitezke.
Bedaioko Iruña baserrian bizi zirenean umeek batez ere esnearekin jaten omen zituzten Anjelita ama zenak egindako taloak, neguko goizetan gosaltzeko. Helduek txerrikiarekin ere bai, goizen eta iluntzean. Ogirik ez zegoenean (astean behin egiten baitzuten 7 egunetarako) janariei laguntzeko ere erabiltzen zen . Beti ere neguko jakia zen taloa, udazkenean biltzen bait zen artoa.Inguruko beste baserrietan ere antzera ibiliko ziren. Zenbat aldatu diren gauzak! Beste adibide bat aipatzeagatik ume haien aita zenak, Antonio Marik, egunero baratxuri zopa gosaltzen omen zuen. Iruñatarrak makina bat talo jandakoak izanagatik gustura jaten dituzten oraindik ere. Aurten dagoeneko dozena bat aldiz egin dituzte Ugarten.
Argazkietako afarian bapo jan genuen. Jandako taloen zaporea iritsi ote zen beraien amatxoren sabelean dauden Oihan eta Manexengana ere? Ziur beraien ama eta amonak bezain talo-zale eta jaleak izango direla. Ainara Barriolak (gure familiako paparazziak) ateratako argazkiak dira. Gotzone Zubillaga berriz talogilea da bera ere, bere etxean zartaginean erretzen ditu berak.
Ondorengo argazki multzoa Ugarteko elkartean egindako talo meriendakoak dira. Asteazkenero hirugarren adinekoentzako soinketa izaten da. 60 urtetik 89 urtera bitarteko 10 bat ugartear biltzen dira Estitxuren gidaritzapean. Saioaren ondoren elkartean hartzen dute kafesnea. Noizean behin ordea, ospatzeko zerbait dutenean, merienda berezixeagoak egiten dituzte, talo jana adibidez. Elkarrekin egoteko eta hitz egiteko aukera ematen dute honelako ekintzek. Haien babesean biltzen gara oraindik 3. adinera iritsi ez garen batzuk ere. Klarita, Benita, Maria eta Maria Rosario aritu ziren taloak eta bestelakoak egiten. Mitxel eta Yaiza gaztetxoak ere hasi dira langintza ikasten. Jaten berriz aipatutakoez gain Juanito, Roxi, bi Martina, Inazio, Juan, Bixente… Merienda mundiala hau ere! Dena den, tartean bazen bakarren bat lehen nahikoa jandakoa dela eta talorik probatu nahi ez zuena.
Argazki guzti hauek ikusi ondoren dagoeneko norbait etxean taloak egiten hasteko gogoarekin egongo da. Proba ezazue, merezi du! Ez du aparteko zailtasunik baina maina hartu arte pixka bat aritu behar da. Agian lehenengo aldian ez zaizkigu aterako baina ez utzi, bigarren saiakeran hobeto… Ugarteko talogileak edonori irakasteko prest daude. Talo jate bat ere antolatu daiteke, zergatik ez?
Gainera norberak egitea merkea da, 1,50 € gatik kilo bat irin eros daiteke. Irin horrekin 8 edo 10 talo ateratzen dira gutxi gora behera. Eta zenbat ordaintzen dugu azoka edo jaietan? Pasa diren inauterietan Tolosan 6 € balio omen zuen. 6 € ? Nire ustez asko xamar da! Egia da baita ere muntaia guztia egin behar dela eta lanean gogor aritzen direla. Dena den 6€-rekin 35 bat talo egiteko arto irin eros daiteke errotan. Edo beste modu batera esanda, talo bakoitzeko arto irinak 20 zentimo inguru balio du.
Gertuen Orendaingo Errotan aurkitu daiteke, Ugartetik Alegiarako bidean. Ordizian ere egiten omen dute. Lehen herri guztietan zegoen errota. Argazkietako talogileen etxeetatik Ugarteko Errota, Amezketako Errota, Bedaioko Errota edo Orendaingo Errotara joaten omen ziren. Norberak bere baserriko artoa eramaten zuten zakua asto gainean jarrita, errotan txikitzeko. Askotan bertan zain egoten omen ziren artoa txikitu arte, agian orduetan. Beste batzutan arto zakua utzi eta iada txikitutako irin zakua hartzen zuten. Hona hemen Orendaingo Errotako argazki batzuk. Hor ageri da Batiste Garaialde errotaria, bere alaba Ana lagun duela.
ON EGIN GUZTIOI!
zabaldu |
del.icio.us |



hau bai post txukuna! ez da harritzekoa hainbeste jarratitzaile izatea. Asteburu honetan etxean dudan artirinarekin talaoka egingo dituk. Komentatuko dizut nolakoak atera diren.
Comment by ibusg — February 19, 2008 @ 7:36 pm
Ze inbidie!! Nik ere gustoa ikusiko nittun talo hoiek nola in zituzten. Oso politte, Eider, artista zea! Aurrekon esan zenidanen, “arra” piztu zitzaiten eta nik ere badet asmoa udaberri aldea Belarmugan talo-jana antolatzeko. Ta bide batez gure atzetik datozen txiki hauek ere ea pixkat ikasi ta ohiturai eusten dien!! Segi holaxe!
Comment by Eider Z — February 19, 2008 @ 9:27 pm
Ah! Ta galdera bat: Zer da “ehotu”?
Comment by Eider Z — February 19, 2008 @ 9:29 pm
Ehotu: txikitu, birrindu, irindu
Artoa ehotu: arto alea arto irin bihurtu
Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera “Aleak eta abar, sakatuz, joz edo bi pieza gogor eta latzen artean iraganaraziz, birrindu edo haustu”
www.hiztegia.net
Asuntoa da arto irine txikitu berriekin talo goxogok ateatzen omen diela, gainera errezagoa dala masa ondo ittea, erretzeakon errezago puztutzeiela…
Comment by Administrator — February 19, 2008 @ 10:33 pm
Argazkiak ikusita ederki ulertzen da nola egin eta jaten diren taloak. Gu ere, “Tolosa” familia, urtean behin edo bitan biltzen gara gure amak eta izeba-osabak egindako taloak jatea. Bejoandaizula!!!
Comment by Agurne — February 20, 2008 @ 2:41 pm
Gose punttue jarri zait, earra kurtsilloa.
alimo.
Comment by bedaio3000 — February 20, 2008 @ 2:54 pm
Bazkaldu berrie naiz baino inbidi earra jarri zait post hau ikusitakon!
Earki ai zea Eider, bejondeizula!
Comment by Unai — February 23, 2008 @ 2:19 pm
Hau bai neska artista!
Joe, Eider, kontalari trebea zaude, e! Aizu, pentsatu al dezu blogan kontue testu-motak lantzeko aprobetxatzea? Je, je! Ez, ez, ezta broma: osaba Mikelen postakin ta honekin earki asko landu leike instrukzio testue! Ez al zaizu iruitzen?
Aurki arte, KONPAÑERA.
Latuko Aritz.
Comment by Aritz — February 25, 2008 @ 7:35 pm
Grande Eider!
Gracias por mantener la memoria de los origenes, solo podremos saber hacia donde ir si sabemos de donde venimos.
Comment by Jorge E Devesa — March 25, 2008 @ 3:34 pm