ugartetik

TXISTA MISTA. Jolas bilduma

Igandea, 2008 Martxoa 30
Kategoria: Jolasak

Aurreko post bat “Kuan tin tuan” jolasari buruz egin nuen Txarli ren “papiolauketan” ikusi ondoren. Guzti horren ondotik jabetu naiz gure aurrekoek egiten zituzten jolas asko daudela jada egiten ez direnak, beraz galtzeko zorian egon litezke. Eta hain dira politak! Pena litzateke ahaztea.

Jolas hauetaz pentsatzen ari nintzela gogoratu nuen gipuzkoako zonaldeko eskola txikietako ikasleak ere azken aste hauetan antzeko lanetan murgilduta dabiltzala beraien hizkuntzako saioetan . Izan ere eskola hauetako irakasleentzat antolaturiko mintegi bat ematen ari da ikasturte osoan zehar Elena Laiz irakaslea. Irakur idazketaren irakaskuntza konstruktibismoaren ikuspegitik eta eskola txikietako geletako adin aniztasuna dira mintegiaren ardatz nagusienetakoak. Bertan lantzen diren proiektu ezberdinen artean momentu honetan jolas liburuarena ari dira gauzatzen zenbait eskola txikitan, esaterako: Albizturren , Berrobin , Alkizan … Adibidez Albizturko ikasleak ere, ni bezala, etxean galdezka ibili dira beraien guraso, aiton-amon edo beste senitartekoei txikitako jolasei buruz. Ondoren jolas liburu bat osatuko dute bildutakoarekin.

Ba ni ere ikasle hauek egiten duten antzeko zerbaitetan hasiko naiz, Elenarekin ikasitakoak praktikan jarriz. Ugarte eta inguruetako aspaldiko jolasak pixkanaka biltzen eta grabatzen joango naiz, gero blogean argitaratzeko. Nire guraso, osaba izeba, bizilagun, ezagun eta ahal dudanei galdezka ibiliko naiz. Gustura jasoko nituzke edonoren (adibidez hau irakurtzen ari zaren horren) proposamenak eta ideiak. Badira jolasei buruzko webguneak baina ni zehazki gure ingurukoetan zentratuko naiz.

Oraingo honetan honako jolas hau dakart:

- Izenburua: TXISTA MISTA
- Jolas mota: esku- jolasa
- Jokalariak/partaideak: 2
- Materiala: harri, txanpon edo edozein objektu txiki
- Nola jolastu?

. Bi pertsonetako batek eskuetako batean zerbait (txanpona, harria, gozokia…) gordetzen du besteak ikusi gabe.
. Besteari erakusten dizkio bi eskuak itxita.
. Beste honek zein eskutan daukan altxorra asmatu behar du kantua edo esamoldearen laguntzaz.

- Abestia edo esamoldea:
Txista mista
organista
jaungoikoak esan dula
hemen ez badau
hemen daula

- Aldaera: Jakina da garaiak aldatzen doazela eta guk joku hauetan zertxobait aldatu egiten dugu noizean behin. Kasu honetan “jaungoikoa”-ren ordez guk batzutan “amona Arantxa” edo “amona Nekane” edo “attona Pedro” esaten dugu.
- Bideo grabaketa:



Bukatzeko aipamen bat. Blog honetako postak kategoria ezberdinatan sailkatuta daude (Ugarte, Alegi, Euskal Herria, Amezketa, Hezkuntza…). Jolas hauentzako kategoria espezifiko bat egingo dut. Baina zalantzan nago zer jarri: betiko jolasak edo aspaldiko jolasak edo jolas tradizionalak edo gure aurrekoen jolasak… Zer ote da egokiena? Zer iruditzen zaizu?

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

SAGARDOTEGIRA!

Asteartea, 2008 Martxoa 25
Kategoria: Ugarte

Badira ia 4 urte paseak 1.go aldiz sagardotegira joan ginela Ugartetik autobusean, 2004ean izan zen. Ondo atera zen eta ordutik urtero errepikatzen da, urtez urte Ugarteko elkartean batzordean egotea tokatzen zaienek antolatzen dute. 1.go urtean ateratako da argazkia. Mundiala izan zen!


Aurten ere badator eguna, jada jaso dugu gonbidapena gure etxeetan. Esan bezala Ugarteko Elkartetik antolatzen da baina irekia izaten da, autobusean elkartzen gara ugarten bizi direnak, kanpora joandakoak, kanpotik etorritakoak, lagunak, familiartekoak, elkarteko bazkideak eta ez bazkideak…

Hona hemen jaso dugun gonbidapena:

Urteroko ohiturari jarraituz aurten ere Astigarragako Petritegi sagardotegira bazkaltzera joateko autobusa antolatu da.
EGUNA: APIRILAK 12 larunbata
ORDUA: 12:30 etan Ugarteko plazan.
PREZIOA: Helduek  32.-€
Umeek  24.-€ (14 urtetik beherakoak)
(Prezio honetan bai bazkaria eta bai autobusa sartuta daude, kafea norbere kontura).
Beraz joateko asmoa duzuenok aurrez txartela erosi Goikoetxea-enean.Txartelak erosteko azken eguna apirilak 6 igandea izango da.
Ahal duzuen guztiok animatzea gustatuko litzaiguke denon artean egun eder bat igarotzeko.
Besterik gabe,
Ugarteko Elkarteko Batzordea

Ba egina geratzen da gonbidapena!

Hona hemen aurreko urte bateko argazki batzuk:

Ta girotzen joateko…


Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

PILOTA JOKOA. Kuan tin tuan…

Asteazkena, 2008 Martxoa 19
Kategoria: Jolasak

Duela gutxi Txarlik post batean aspaldiko jolasei buruz idatzi zuen. Jolas hauek errekuperatzea, geure seme alabei erakustea, bilduma bat egitea… proposatzen zuen.

Bada hauetako jolas bat nire gurasoek nire semeari egiten diotena. Kantuaz lagundurik egiten den pilota jokoa da, bakarka egitekoa. Kantuak dirauen bitartean pilotarekin boteak egin behar dira doinuaren erritmoan eta kantua amaitzean pilota eskuan hartu.

Beraien ume denboran gomazko pilota mazizoekin aritzen omen ziren, bote bizia egiten zuen pilota komeni izaten omen zen. Batez ere neskek egiten omen zuten. Eskola orduetako jolas garaietan eta baserriko lanetik libre izaten zituzten une urrietan aritzen omen ziren jotake. Izan ere jolas egitea denbora alferrik galtzea zela iruditzen omen zitzaien helduei, horregatik helduak siestan zeudenean edo igandetan egiten omen zuten jolas. Kartetan ere aritzen omen ziren ezkutuan eta kartak borda mandioko pareta zuloan gordetzen omen zituzten, inork ez jakiteko jolasean aritzen zirenik. Hau aldaketa ordutik hona! Sinestea ere kosta egiten da.

Ez da erraza kantuaren letra transkribitzea, ulertu ezinezko hitzak baitira. Esaterako nire aitak eta amak ez dute guztiz berdin abesten, nire amak eta bere ahizpak ordea bai. Auskalo nolakoa izango zen jatorrizko kantua. 1985ean Joseba Intxaustiren zuzendaritzapena argitaratutako EUSKAL HERRIA lan entziklopedikoan, jolas eta jokoei buruzko atalean, jolas hau deskribatzen da. Durangon jasotakoa dela jartzen du. Bertan ageri den kantuaren letrak baditu antzekotasunak baina desberdina da, baliteke jatorri berekoak izatea. Hona hemen gutxi gora behera gure etxean kantatzen dutena:

Kuan tin tu uan
a le li for
fai xi an
a le li se me ne en
a le li tengo
a le li for
maun

Ondorengo bideoetan nire ama eta bere ahizpa, Nekane eta Klarita Goikoetxea, ageri dira hurrenez hurren. Ez zaie ahaztu jolasa, oraindik ere badute trebetasuna.

Gustatuko litzaidake pilota jolas honi buruzko informazio gehiago izatea, beste inork ezagutzen ote duen, berdin abesten ote duten…



Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (7) erantzun

MARTXOAK 8, EMAKUMEON NAZIOARTEKO EGUNA

Larunbata, 2008 Martxoa 8
Kategoria: Ugarte

Gaur, Emakumearen Nazioarteko Egunean, urteko gainontzeko 365 egunetan bezalaxe, herritar orok dituen eskubide eta aukera berdinak izatea nahi dugu . Urteko egun esanguratsu honetan, emakumeok gure eskubideen defentsari eusten diogu.

Oraindik, sexuaren araberako banaketak bizirik jarraitzen du gure herrian, eta ezberdintasun hau bizitzaren arlo ezberdinetan ematen da; lantokietan , hezkuntzan, osasunean etab. luze batean.

Emakumeon kontrako indarkeriak sexuen arteko harreman hierarkikoak bizirik dirautela adierazten digute. Aurten ere eraildako emakumeen kopuruak asko larritzen gaitu. Euskal Herriko lurraldeetan finkatutako gobernuak eta alderdi politikoetako ordezkariak ahoa bete hitz irteten zaizkigu oholtza gainera emakume eta gizonen eskubide berdintasuna aldarrikatzera. Noiz ikusiko dugu instituzioetatik hitzetik ekintzetarako pausua?

Testuinguru honetan askotariko ekimenak antolatzen dira gaurko egunerako: manifestapenak ( debekatuak izan direnak ), hitzaldiak, iritzi artikuluak , erakusketak, bazkari-afariak… Ugarten esaterako badira 15 bat urte emakumeen arteko bazkari edo afari egiten dela. Ondoren batzuk karta jokoan aritzen dira eta besteak tertulian. 20 edo 30 emakume artean bildu izan dira. Aurtengoan 20 bildu gara, gazteenak 29urte eta nagusienak 80tik gora. Ugartearrak, kanpotik Ugartera etorritakoak, Ugartetik kanpora joandakoak… biltzen gara. Geuk prestatu, geuk jan, geuk garbitu eta geuk disfrutatu! Argazkietako aurpegietara begiratu besterik ez dago zein ondo pasatzen den ikusteko. Hauetako emakume batzuk beraien bizitzan zehar ez zuten honelako emakume bazkari askorik egingo. Inoiz ez da berandu izaten eta ea urte askoan jarraitzen dugun!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  Erantzun(1)

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft