ugartetik

PILOTA JOKOA. Kuan tin tuan…

Asteazkena, 2008 Martxoa 19
Kategoria: Jolasak

Duela gutxi Txarlik post batean aspaldiko jolasei buruz idatzi zuen. Jolas hauek errekuperatzea, geure seme alabei erakustea, bilduma bat egitea… proposatzen zuen.

Bada hauetako jolas bat nire gurasoek nire semeari egiten diotena. Kantuaz lagundurik egiten den pilota jokoa da, bakarka egitekoa. Kantuak dirauen bitartean pilotarekin boteak egin behar dira doinuaren erritmoan eta kantua amaitzean pilota eskuan hartu.

Beraien ume denboran gomazko pilota mazizoekin aritzen omen ziren, bote bizia egiten zuen pilota komeni izaten omen zen. Batez ere neskek egiten omen zuten. Eskola orduetako jolas garaietan eta baserriko lanetik libre izaten zituzten une urrietan aritzen omen ziren jotake. Izan ere jolas egitea denbora alferrik galtzea zela iruditzen omen zitzaien helduei, horregatik helduak siestan zeudenean edo igandetan egiten omen zuten jolas. Kartetan ere aritzen omen ziren ezkutuan eta kartak borda mandioko pareta zuloan gordetzen omen zituzten, inork ez jakiteko jolasean aritzen zirenik. Hau aldaketa ordutik hona! Sinestea ere kosta egiten da.

Ez da erraza kantuaren letra transkribitzea, ulertu ezinezko hitzak baitira. Esaterako nire aitak eta amak ez dute guztiz berdin abesten, nire amak eta bere ahizpak ordea bai. Auskalo nolakoa izango zen jatorrizko kantua. 1985ean Joseba Intxaustiren zuzendaritzapena argitaratutako EUSKAL HERRIA lan entziklopedikoan, jolas eta jokoei buruzko atalean, jolas hau deskribatzen da. Durangon jasotakoa dela jartzen du. Bertan ageri den kantuaren letrak baditu antzekotasunak baina desberdina da, baliteke jatorri berekoak izatea. Hona hemen gutxi gora behera gure etxean kantatzen dutena:

Kuan tin tu uan
a le li for
fai xi an
a le li se me ne en
a le li tengo
a le li for
maun

Ondorengo bideoetan nire ama eta bere ahizpa, Nekane eta Klarita Goikoetxea, ageri dira hurrenez hurren. Ez zaie ahaztu jolasa, oraindik ere badute trebetasuna.

Gustatuko litzaidake pilota jolas honi buruzko informazio gehiago izatea, beste inork ezagutzen ote duen, berdin abesten ote duten…



Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (7) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft