ugartetik

TXISTA MISTA. Jolas bilduma

Igandea, 2008 Martxoa 30
Kategoria: Jolasak

Aurreko post bat “Kuan tin tuan” jolasari buruz egin nuen Txarli ren “papiolauketan” ikusi ondoren. Guzti horren ondotik jabetu naiz gure aurrekoek egiten zituzten jolas asko daudela jada egiten ez direnak, beraz galtzeko zorian egon litezke. Eta hain dira politak! Pena litzateke ahaztea.

Jolas hauetaz pentsatzen ari nintzela gogoratu nuen gipuzkoako zonaldeko eskola txikietako ikasleak ere azken aste hauetan antzeko lanetan murgilduta dabiltzala beraien hizkuntzako saioetan . Izan ere eskola hauetako irakasleentzat antolaturiko mintegi bat ematen ari da ikasturte osoan zehar Elena Laiz irakaslea. Irakur idazketaren irakaskuntza konstruktibismoaren ikuspegitik eta eskola txikietako geletako adin aniztasuna dira mintegiaren ardatz nagusienetakoak. Bertan lantzen diren proiektu ezberdinen artean momentu honetan jolas liburuarena ari dira gauzatzen zenbait eskola txikitan, esaterako: Albizturren , Berrobin , Alkizan … Adibidez Albizturko ikasleak ere, ni bezala, etxean galdezka ibili dira beraien guraso, aiton-amon edo beste senitartekoei txikitako jolasei buruz. Ondoren jolas liburu bat osatuko dute bildutakoarekin.

Ba ni ere ikasle hauek egiten duten antzeko zerbaitetan hasiko naiz, Elenarekin ikasitakoak praktikan jarriz. Ugarte eta inguruetako aspaldiko jolasak pixkanaka biltzen eta grabatzen joango naiz, gero blogean argitaratzeko. Nire guraso, osaba izeba, bizilagun, ezagun eta ahal dudanei galdezka ibiliko naiz. Gustura jasoko nituzke edonoren (adibidez hau irakurtzen ari zaren horren) proposamenak eta ideiak. Badira jolasei buruzko webguneak baina ni zehazki gure ingurukoetan zentratuko naiz.

Oraingo honetan honako jolas hau dakart:

- Izenburua: TXISTA MISTA
- Jolas mota: esku- jolasa
- Jokalariak/partaideak: 2
- Materiala: harri, txanpon edo edozein objektu txiki
- Nola jolastu?

. Bi pertsonetako batek eskuetako batean zerbait (txanpona, harria, gozokia…) gordetzen du besteak ikusi gabe.
. Besteari erakusten dizkio bi eskuak itxita.
. Beste honek zein eskutan daukan altxorra asmatu behar du kantua edo esamoldearen laguntzaz.

- Abestia edo esamoldea:
Txista mista
organista
jaungoikoak esan dula
hemen ez badau
hemen daula

- Aldaera: Jakina da garaiak aldatzen doazela eta guk joku hauetan zertxobait aldatu egiten dugu noizean behin. Kasu honetan “jaungoikoa”-ren ordez guk batzutan “amona Arantxa” edo “amona Nekane” edo “attona Pedro” esaten dugu.
- Bideo grabaketa:



Bukatzeko aipamen bat. Blog honetako postak kategoria ezberdinatan sailkatuta daude (Ugarte, Alegi, Euskal Herria, Amezketa, Hezkuntza…). Jolas hauentzako kategoria espezifiko bat egingo dut. Baina zalantzan nago zer jarri: betiko jolasak edo aspaldiko jolasak edo jolas tradizionalak edo gure aurrekoen jolasak… Zer ote da egokiena? Zer iruditzen zaizu?

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft