ugartetik

KUKURRUKU! ZER DIOZU?

Igandea, 2008 Apirila 27
Kategoria: Jolasak

Hona hemen Euskal Herriko toki askotan ezaguna izan den jolas bat, osatzen ari naizen bilduman laugarrena izango dena. Nik Ugarten entzun eta ikusi izan dudan bezala azalduko dut.
IZENBURUA: KUKURRUKU
Jolas mota: Hizkuntza jolasa.
Partehartzaileak: Heldu bat eta ume bat (edo gehiago)
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Hizkuntza jolas hau galdera eta erantzunek osatzen dute. Helduak haurra magalean hartzen du eta bien artean errezitatzen dute abesti edo aho korapiloa. Hasiera batean helduak galdetu eta erantzungo du baina haurra ikasten doan heinean erantzunak honek emango ditu. Azken erantzuna bien edo inguruan dauden guztien artean esaten da.
Abestia edo esaera:
Kukurruku!
Zer diozu? Buruan min.
Zeinek egin? Xaguxarrak.
Nun da? Sasian.
Zertan? Txotxak biltzen.
Txotxak zertako?Ude berotzeko.
Ude zertako?Orrea itteko.
Orrea zertako?Oiloai emateko.
Oiloa zertako? Arrautze itteko.
Arrautze zertako? Apaizai emateko.
Apaiza zertako? Gu ta mundu guztie salbatzeko!

Aldaera: Hasieran esan bezala Euskal Herriko toki desberdinetan da ezaguna jolas hau, hala nola, Saran, Andoainen, Santa Engrazin, Gartzainen, Oñatin… Ez da toki guztietan berdin berdina, lekuan lekuko euskalkia, hitz nahiz esamoldeak erabiltzen dira. Zenbait ahapaldi erabat desberdinak ere topa daitezke. Hala irakur dezakegu Urtxintxa ren Euskal Jolasen Bilduma lan bikainean.
Horrez gain Urtxintxak abesti honekin soka saltoan aritzeko jolasa proposatzen du.

Bideo grabaketa:
Oier eta attona Iñaxio KUKURRUKU jolasean.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

SAGARDOTEGITIK BUELTAN!

Larunbata, 2008 Apirila 12
Kategoria: Ugarte

Egin dugu sagardotegitik joan etorria. Eguerdiko 12:30etan elkartu gara Ugarten, autobusean ezin sartu denok eta batzuk kotxean joan behar.
Ia 60 lagun, 2 eta 4 urtekoak gaztetxoenak eta 78 inguru nagusienak. Talde anitza, bai adinari , gustuei, ohiturei edo iritzie dagokienean ere. Guztiok egun on bat pasatzeko elkartuta, ezberdintasunak gaindituz eta aniztasuna aberastasun bihurtuz. Herri txikietako ezaugarrietako bat da, Ugarten bai behintzat.
Ugartetik abiatu, goiz goiz Astigarragako Petritegi sagardotegi erraldoira iritsi, basoak hartu, sagardoa dastatu, jan eta edan, (batzuk eserita, beste batzuk gehienetan upel ondoan), ibili, hitz egin, hitz egin, hitz egin, gure taldeko Xabier eta Iñakik trikitixaren doinuarekin sagardotegiko bazkaldar guztiak aztoratu, kantatu, dantzatu, kafea hartu, nola edo hala autobusera berriro! Bertso saioaren hasiera autobusean 18:00etan, Ugarteko elkartean jarraipena eta 20:00etan nik aldegin dudanean oraindik jo ta ke bertsotan! Eta berehalakoan bukatzeko itxurarik gabe. Auskalo noiz arte iraungo duen festak batzuentzat!
Beste egun gogoangarri bat.
Hona hemen argazkiak batzuk, Gotzonek, Nekane Eizagirrek eta Joxe Manuelek ateratakoak :


Bertso saioa ri dagokionez ondorengo bideo honetan puntuka aritu direneko une bat. Batzuk Amezketako bertso eskolan dabiltzanak dira, beste batzuk gaurkoa bezalako egunetan trebatutakoak. Disfrutatzea eta momentu on bat pasatzea da helburu nagusia. Bai beraiek eta bai guk barre ederrak egiten ditugu behintzat holakoetan. Bideo ez da oso kalitate honekoa baina ikusi entzuten dena dibertigarria da behintzat!


Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

ARRE ARRE MANDAKO

Igandea, 2008 Apirila 6
Kategoria: Jolasak

Gaurkoan nahiko ezaguna den jolas bati buruzko aipamena bilduma osatzen joateko.

Izenburua: ARRE ARRE MANDAKO
Jolas mota: Haur txikiekin egiteko mugimendu jolasa
Partehartzaileak: Heldu bat eta ume bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Gure inguruan bi modutara egin izan da.
- 1.go era: Helduak haurra magalean (izterren gainean) hartzen du biak elkarri begira daudela. Kantaren erritmoan hankak mugitzen ditu gora eta behera. Bukatzean, haurraren izena esatean (Unaxentzako!) izterrak zabaltzen dira eta umea erortzeko keinua egiten da (bideoan )
-2. era: Helduak bi hankak tolestuta jarri eta gaineko hankaren oinean umea eseriz ere egiten da ( argazkian)
Abestia edo esamoldea:
Arre-arre mandako,
bihar Tolosarako,
etzi Iruñerako.
Handik zer ekarriko?
Zapata eta gerriko.
Haiek zeinentzako?
Unaxentzako!.

Bideo grabaketa:
Hona hemen Leire eta Unax “arre arre mandako”ka Ugarten

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft