KUKURRUKU! ZER DIOZU?
Igandea, 2008 Apirila 27
Hona hemen Euskal Herriko toki askotan ezaguna izan den jolas bat, osatzen ari naizen bilduman laugarrena izango dena. Nik Ugarten entzun eta ikusi izan dudan bezala azalduko dut.
IZENBURUA: KUKURRUKU
Jolas mota: Hizkuntza jolasa.
Partehartzaileak: Heldu bat eta ume bat (edo gehiago)
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Hizkuntza jolas hau galdera eta erantzunek osatzen dute. Helduak haurra magalean hartzen du eta bien artean errezitatzen dute abesti edo aho korapiloa. Hasiera batean helduak galdetu eta erantzungo du baina haurra ikasten doan heinean erantzunak honek emango ditu. Azken erantzuna bien edo inguruan dauden guztien artean esaten da.
Abestia edo esaera:
Kukurruku!
Zer diozu? Buruan min.
Zeinek egin? Xaguxarrak.
Nun da? Sasian.
Zertan? Txotxak biltzen.
Txotxak zertako?Ude berotzeko.
Ude zertako?Orrea itteko.
Orrea zertako?Oiloai emateko.
Oiloa zertako? Arrautze itteko.
Arrautze zertako? Apaizai emateko.
Apaiza zertako? Gu ta mundu guztie salbatzeko!
Aldaera: Hasieran esan bezala Euskal Herriko toki desberdinetan da ezaguna jolas hau, hala nola, Saran, Andoainen, Santa Engrazin, Gartzainen, Oñatin… Ez da toki guztietan berdin berdina, lekuan lekuko euskalkia, hitz nahiz esamoldeak erabiltzen dira. Zenbait ahapaldi erabat desberdinak ere topa daitezke. Hala irakur dezakegu Urtxintxa ren Euskal Jolasen Bilduma lan bikainean.
Horrez gain Urtxintxak abesti honekin soka saltoan aritzeko jolasa proposatzen du.
Bideo grabaketa:
Oier eta attona Iñaxio KUKURRUKU jolasean.
zabaldu |
del.icio.us |


