ugartetik

Don don i te

Igandea, 2008 Maiatza 25
Kategoria: Ugarte, Jolasak


Ugarten nire ingurukoei beraien ume garaiko jolasetaz galdetu eta galdetu nabilen honetan zozketatzeko formula batzuk ere jaso ditut. Hona hemen hauetako bat.
IZENBURUA: DON DON I TE
Jolas mota: zozketa egiteko, bi taldetan banatzeko.
Nola jolastu: bi talde behar diren jolas batean, jolasean hasi aurretik, taldeak egiteko erabiltzen den formula da. Parte hartu behar duten guztiak borobilean jartzen dira eta batek esaera errezitatzean du, hitza bakoitzean behatzarekin pertsona bat seinalatuz. “Saketi” guztiak alde batera, “fuera” guztiak beste aldera, bi talde eginak geratzen dira. Jolasaren arabera”saketi” edo “fuera” tokatu jolasean paper desberdina izango daiteke. Sakea atera beharreko jokoren bat badin bada (adibidez: zeroketan) “saketi” taldekoek egindo dute, barruan edo kanpona kokatu beharreko jokoren bat baldin bada “fuera” taldekoak kanpoan jarri beharko dute.
Abestia edo esamoldea:
Don don i te
saketi fuera
saketi fuera
saketi fuera

Aldaerak: Juan Garmendia Larrañagaren “ume jolasak” liburuan jasota dagoenez Berastegin Mimitxorrean jolasean hasi aurretik antzeko formula bate erabiltzen zuten harrapatzailea zein zen erabakitzeko. Honela esaten omen zuten: “don-don-ite-saquitis-sauqiti-fuera-doña-Petra-sala-muero-tu-quisiera-quisiera-fuera

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

OIHAN jaio da

Astelehena, 2008 Maiatza 12
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Gaurko egunez OIHAN jaio da . Zorionak ama Gotzone, aita Alberto eta ingurukoei. Ongi etorri gure artera Oihan!

Oihan-en ama Gotzone, blog honetako kolaboratzailea, bertsozalea eta Amezketako Bertso eskolako kidea izanik, merezi duela uste dut bertso bat gertaera honek. Hor doa bertsoa hamarreko txikian:

Maiatzak hamabian
jaio zaigu Oihan,
horrentxen zain geunden gu
denok asapldian,
notizi pozgarria
gure herri txikian,
zorte on gurasooi
zeregin berrian,
ta OIHAN goza zazu
amatxon titian!

Doinu: Batetikan korroska

Ugarte bezalako herri txiki batean gertaera pozgarria da haur bat jaiotzea, noizean behin gertatzen baita. Horregatik asko pozten gaitu berriak, erdi ugartear erdi amezketar izango den mutiko honen etorrerak guztiok alaitzen gaitu. Halaxe gertatu zen aurretik etorri ziren Alain, Unax, Aisha, Yaiza, Gorka, Eneritz… eta abarrekin ere.

Izan dira Ugarten jaiotza gutxiagoko edo batere jaiotzarik gabeko urte dezente ere, plazan edo eskolaurrean (soziedade aurrean) jolasean umerik ikusten ez zen urteak. Orain, ez beti baina bai batzutan, ume hauen eta beraien lagunen jolasek Ugarteri bizitasuna eta alaitasuna ematen dizkiete. Beraiei eskaini nahi diet gaurko posta, beraiek dira etorkizuna, beraiek eraikiko dute etorkizuneko Ugarte. Merezi dute gure maitasuna, begirunea eta konfiantza.

Hara hemen beraien argazki batzuk:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

GAZTE TALDEAREN LEHIAKETA AMEZKETAN

Igandea, 2008 Maiatza 11
Kategoria: Amezketa

Aspaldi honetan, Ugartera ia egunero joaten naizen arren ez naiz Amezketara askotan iristen. Atzokoan ordea hara joan nintzen lagun batengana eta Gazte Taldeak ergonen antolatutako festa ikusteko aukera izan nuen. Izugarri gustatu zitzaidan eta poza eman zidan zein gazte langile eta ekintzaileak dauden ikusteak. Momentuan erabaki nuen blog honetan lekua egingo niela, merezi duelako egiten dutena erakustea. Egun osoko festa antolatu zuten: bazkaria, musika, kalejira eta LEHIAKETA mundiala! Beraiek antolatu, prestatu dena, lan egin eta disfrutatu! Lehiaketa garaian beraietaz aparte herriko adin guztietako ikusleak izan ziren. Umorea nagusi, barre algarak bazter guztietan. Askotan egiten dituzte holakoak edo bestelako ekimenak!
Ondorengo argazki hauek atera nituen, lastima bideo kamara ez eraman izana! Ez da erraza argazkiekin bakarrik hango giroa guztiz deskribatzea.

Nik ez dut ezagutu Amezketan azken urte hauetan bezalako gazte mugimendurik. Duela gutxi bete zituen 10 urte gazte taldeak eta “zutik bezain bizirik” jarraitzen du. Urteurrenean HITZAn agertutako artikulutik pasarte pare bat azpimarratu nahi nituzke, egiten duten ekimen mordoa eta lanerako filosofia zein diren jakiteko:

“…talde ezberdinak bilduz, ekintza gehiago antolatuz: erregeen etorrera, Gazte Eguna, lehiaketak, Talairekin konpromisoa, kontzertuak, bideo emanaldiak, irteerak, beste gazte asanbladekin elkartasuna eta ekintzak, euskal errepresaliatu politikoekin elkartasuna, euskarari bultzada, antzerkia, erakusketak, jolasak, jaialdiak, jazzaladiak, gaztetxe martxa, AHTren inguruko eztabaidak, salaketak, bazkariak, txosnak, jokuak, mahainguruak…”

«Gazteak garelako, autogestioan sinesten dugulako, herria maite dugulako, beharrak eta nahiak ase nahi ditugulako, injustiziak ikusten ditugulako, egiten dugun horretan sinesten dugulako 10 urte, eta bizirik!»

Urtean askoan jarrai dezala mugimendu honek!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft