OIHAN jaio da
Astelehena, 2008 Maiatza 12Gaurko egunez OIHAN jaio da . Zorionak ama Gotzone, aita Alberto eta ingurukoei. Ongi etorri gure artera Oihan!
Oihan-en ama Gotzone, blog honetako kolaboratzailea, bertsozalea eta Amezketako Bertso eskolako kidea izanik, merezi duela uste dut bertso bat gertaera honek. Hor doa bertsoa hamarreko txikian:
Maiatzak hamabian
jaio zaigu Oihan,
horrentxen zain geunden gu
denok asapldian,
notizi pozgarria
gure herri txikian,
zorte on gurasooi
zeregin berrian,
ta OIHAN goza zazu
amatxon titian!
Doinu: Batetikan korroska
Ugarte bezalako herri txiki batean gertaera pozgarria da haur bat jaiotzea, noizean behin gertatzen baita. Horregatik asko pozten gaitu berriak, erdi ugartear erdi amezketar izango den mutiko honen etorrerak guztiok alaitzen gaitu. Halaxe gertatu zen aurretik etorri ziren Alain, Unax, Aisha, Yaiza, Gorka, Eneritz… eta abarrekin ere.
Izan dira Ugarten jaiotza gutxiagoko edo batere jaiotzarik gabeko urte dezente ere, plazan edo eskolaurrean (soziedade aurrean) jolasean umerik ikusten ez zen urteak. Orain, ez beti baina bai batzutan, ume hauen eta beraien lagunen jolasek Ugarteri bizitasuna eta alaitasuna ematen dizkiete. Beraiei eskaini nahi diet gaurko posta, beraiek dira etorkizuna, beraiek eraikiko dute etorkizuneko Ugarte. Merezi dute gure maitasuna, begirunea eta konfiantza.
Hara hemen beraien argazki batzuk:
zabaldu |
del.icio.us |


