Atzerapen pixka batekin baina hemen dator festetako bigarren egunak eman zuenaren kronika ere.

Goizeko hamaiketan hasi ziren gaztetxoen pelota partiduak eta jarraian puzgarriak txikienen gozagarri. Arratsaldean ere izan ziren puzgarri eta ohe elastikoak, baita zaldian pasealdiak ere. Azken honek arrakasta izan zuen, ilada luzeak sortu ziren zaldi gainean ibili ahal izateko. Badute meritua zaldiari sokatik helduta arratsalde osoan ibili ziren Abel, Ramon, Igor eta Jorgek ere. Ondorenean, arratsaldeko 7ak aldera, txokolatea bizkotxoekin denentzat: ume, guraso, aitona amona, osaba izeba… 25 litro txokolate egin ziren eta dena bukatu! Esan beharra dago bazirela 3 edo 4 basokada edandako gaztetxoak ere, bapo meriendatu zuten.

Bitartean soziedadean MUS TXAPELKETA. Nork irabaziko eta alegitarrek, IKER IRIARTE eta XABIER ZABALAk. Finala Maider eta Sorkun lehengusuen kontra jokatu zuten. Alegiar asko izan zen semifinal nahiz finalean. Orohar partehartzeileak Ugarte, Amezketa eta Alegia aldekoak ziren. Iker Iriarte irabazleetakoa bat ostiralean ere Ugarten bili zen, agian hurrengo egunerako kontrarioak nolakoak izango ziren jakitera eta ikustera etorriko zen! Egia esan ez dira Ugarteko txapela eraman duten lehen Alegitarrak. Zorionak irabazleei.
Urtero bezala zahagi ardoa izan zen 9:00etan, sekulako jendetza bildu zelarik. Ugartekoak, ugartetik kanpora joandakoak, amezketar asko… eta besete zenbait tokitatik etorritakoak bildu ziren. Imanol Altuna amezketar erremontistak ere bere profesional mailako azken partida jokatu zuen arratsalde horretan eta ondoren zahagi ardora etorri ziren eguna borobiltzeko. Berak esan zuen beste edozein afaritan baina gusturago zegoela bertan bokadiloa janez.
Jarraian Ansorregi, Larrañaga eta Letxurdiorekin trikitixa. Azken hau, Letxurdio, bi egun segidatan izan dugu Ugarten. Trikitilarien atsedenaldian dantza lehiaketa mundiala ikusi ahal izan genuen, tangoa eta saltsa dantzatu zituztelarik. Hurrengo postean ikusi ahal izango da hauen bideoak. Oraingoz egunean zehar ateratako argazki batzuk: