MONDEJUAK ETA ARDIKIA
Osteguna, 2008 Azaroa 13Jada mondeju eta ardiki garaia pasatzen ere ari da eta ezin gelditu ugartetik horren aipamenik egin gabe. Ugarten ezezik inguruetan ere oraindik mantentzen da mondejuak egiteko ohitura. Lehen etxe guztietan egiten ziren, orain ordea gero eta gutxiago.
Nik gaurkoan Ugarten nola egiten ditugun kontatuko dut.
Honako osagai hauek erabiltzen dira: tipula, porrua, ardi tripakiak, ardi segoa, arrautzak, piparra, gatza eta perrexila.
Prozesua berriz honako hau da:
1. Porrua eta tipula garbitu eta txikitu. Elkarrekin nahastu eta egosi ordu pare batez.
2. Ardi tripakiak garbitu, txikitu eta egosi beste bi ordutan.
3. Aurrez egositako guztia nahastu eta gaineratu arrautza irabiatuak, ardi segoa, piperra, gatza eta perrexila.
4. Nahasketa hau hesteetan sartu eta eta beste pixka batean egosi.
Jarraian Ugarteko mondejuak egiteko prozesua argazkitan:
Honelaxe egiten dira Ugarten. Urrutira joan gabe ordea, aldatu egiten da mondejuak egiteko modua. Batzutan barazkiak aurrez egosi gabe sartzen dituzte hesteetan, edo ez dute tipularik edo ardi tripakirik erabiltzen, beste batzuk ardi haragia ere nahasten omen diote eta badira ardi odolarekin egindako mondeju beltzak ere. Tokian tokiko aldaerak.
Mondejuez gain ordea ardiki gehiago ere jaten da. Sarritan Ugartera bazkaltzera edo afaltzera datozenak mondejua bezain gustura edo batzuetan gusturago jaten dituzte beste jaki hauek ere. Errazagoa edo ohikoagoa da mondejua topatzea harategi edo dena delakoetan, ez hainbeste gainereazko ardikiak. Honako menua osa daiteke otordua ardikiz hasi eta bukatu nahi dutenentzat: mondeju zopak, ardi odolez egindako tortila edo pikatxa, mondejua, ardi gixadua eta ardi txuletak. Postretarako mamia edo gazta.
Menu hauxe izan zen iaz eta izango da aurten ere Ugarten egingo den Txintxarrisferako 2. ardiki jatean . Tamaina horretako afari ekitaldia iragartzeko pentsatzetan hasita gaude Ugarten kanpaiak jo eta suziriak ere bota beharko ote diren! Je! Je!
zabaldu |
del.icio.us |


