ugartetik

TXILIN TXILIN BOOORDA

Asteartea, 2009 Urtarrila 27
Kategoria: Ugarte, Jolasak

Badira hilabete batzuk Ugarten edo inguruetan aspaldian egiten ziren jolasak biltzen aritu nintzela. Gure aurrekoek egiten zituztenak dira, asko ahazteko arriskuan daude eta beste batzuk zenbait aldaerekin mantentzen dira oraindik ere.

Baditut beste 2 edo 3ren apunteak hartuta eta datotzen postetan horiek idatziko ditut. Gaurkoan izeba Klaritari ikasitako bat erakutsiko dizuet.

IZENBURUA: TXILIN TXILIN BORDA
Jolas mota: Haur txikiekin egiteko mugimendu jolasa
Partehartzaileak: Heldu bat eta haur txiki bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: helduak haurraren bi eskuak hartzen ditu eta abestitxoaren erritmoa jarraituz mugitzen dira biak. Haurra helduaren magalean, bere aulkian, beste baten besoetan… egon daiteke. Bukaeran batzutan eskuak haurraren aurpegira eramaten dira.
Abestia edo esaera:
Txilin txilin borda,
serorea nun da?
asto txiki txiki batekin,
errotara joan da.

(Pux, pux, pux, pux, pux edo txin-txin!)

Aldaerak: seguruenik jolas honen jatorri bera izango duen abesti baten erreferentzia topatu dut sarean, Euskomedia Fundazioaren kantutegian .
Honela dio testuak:
Txilin txilin bonba
¿serorea non da?
Kanpaiak yotzen.
Aita dolorez,
ama negarrez,
umeak txuloan
da abadeak kantuan.”

Aurrenekoa bi ahapaldiak behintzat ia berdina dira. Auskalo zein bilakaera jasan duen jatorrizko bertsioak. Inork ezagutzen al duzue antzekorik?

Bideo grabaketa:
Joseba Karrera hainbeste maite duen bere iloba Oihan-ekin. Klaritari ikasi zion Josebak, aspaldian bere anai arrebei abesten omen zien eta orain ilobari.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

URTEBETE “Ugartetik”

Igandea, 2009 Urtarrila 11
Kategoria: Ugarte, Alegia

Gaur betetzen da urtebete “UGARTETIK” blogari hasiera eman nionetik.

Txintxarrisferako 1.go Ardiki afaria egin zutenean izan nuen talde honen berri eta orduan hasi nintzen egiten zutena jarraitzen. Hasieran ez nekien blog bakoitzaren atzean nor zegoenik ere, gero joan nintzen jakiten Iñigo , Txarli , Silber, Aranburu anaiak, Juanjo, bertso eskolakoakzirela.

Mugimendu honi buruzko lehen komentarioak Iñigori egin nizkion kalean eta Txarlik Bedaiori buruz idazten zuela konturatutakoan bururatu zitzaidan nik ere zerbait idatzi nezakeela Ugarteri buruz. Hori izan zen nire bloga sortzera bultzatu ninduen arrazoi nagusia eta UGARTEk jarraitzen du izaten blog honetako gai nagusia. Iñigori esan nion nik ere nahi nuela blog bat egin eta poz handiz hartu zuen berak. Nik egia esan momentu horretan ez nuen ideiarik ere zer zen edo zer suposatzen zuen blog bat izateak baina maisuaren etxean lehenengo posta idatzi eta etxera etorri eta bakarrik gelditu nintzenean hasi nintzen konturatzen, “Ni zertan sartu naiz? Ez naiz aklaratzen!” Zorionez hor egon da maisua beti laguntzeko prest, batek daki zenbat galdera eta kontsulta egin ote dizkiodan urte guzti honetan eta beti erantzun eta lagundu dit. Baina bera ez da erantzutearekin bakarrik konformatzen, etxeko lanak bidaltzen dizkit, gauza bat ikasi edo menderatzen dudala ikusten duenean zerbait berria egiteko agintzen dit, eta gero beste bat, eta gero beste bat… Honelaxe konturatzerako hainbat gauza ikasten joan naiz. Eskerrik asko. Ezin ahaztu beste blogetatikere ikasten ditugunak, batez ere noizean behin Txarlik ere eskaintzen dizkigun ikasgaietatik, Txintxarrimedia

Lehenengo urtemuga honek ustekabean harrapatu nau, konturatzerako heldu da eta presaka ari naiz idazten. Nire asmoa egun honetarako argazki muntai edo bideoren bat prestatzea zen arren beste batean izan beharko du. Ez ditut idatzitako postak, erantzunak edo bisitaldiak ere kontatu, badakit ordea hasieran espero baino gehiago izan direla. Maisuak esan zidan hilean behin zerbait idatzita urte eginda neukala eta muga hori behintza pasa dut. Aipamena egin nahi dite baita ere postak irakurri, jarraitu, komentatu eta erantzun dituzten guztiei, beraiek eman didatelako denboraz justu nabilenean jarraitzeko indarra. Eskerrik asko zuei ere.

Bukatzeko besterik prestatu ez dudanez nire gustoko bi abesti:


Hurrengo urtemugarako Ugarteko irudiez osatutako bideoa bat prestatzen saiatuko naiz.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (4) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft