TXILIN TXILIN BOOORDA
Asteartea, 2009 Urtarrila 27
Badira hilabete batzuk Ugarten edo inguruetan aspaldian egiten ziren jolasak biltzen aritu nintzela. Gure aurrekoek egiten zituztenak dira, asko ahazteko arriskuan daude eta beste batzuk zenbait aldaerekin mantentzen dira oraindik ere.
Baditut beste 2 edo 3ren apunteak hartuta eta datotzen postetan horiek idatziko ditut. Gaurkoan izeba Klaritari ikasitako bat erakutsiko dizuet.
IZENBURUA: TXILIN TXILIN BORDA
Jolas mota: Haur txikiekin egiteko mugimendu jolasa
Partehartzaileak: Heldu bat eta haur txiki bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: helduak haurraren bi eskuak hartzen ditu eta abestitxoaren erritmoa jarraituz mugitzen dira biak. Haurra helduaren magalean, bere aulkian, beste baten besoetan… egon daiteke. Bukaeran batzutan eskuak haurraren aurpegira eramaten dira.
Abestia edo esaera:
Txilin txilin borda,
serorea nun da?
asto txiki txiki batekin,
errotara joan da.
(Pux, pux, pux, pux, pux edo txin-txin!)
Aldaerak: seguruenik jolas honen jatorri bera izango duen abesti baten erreferentzia topatu dut sarean, Euskomedia Fundazioaren kantutegian .
Honela dio testuak:
Txilin txilin bonba
¿serorea non da?
Kanpaiak yotzen.
Aita dolorez,
ama negarrez,
umeak txuloan
da abadeak kantuan.”
Aurrenekoa bi ahapaldiak behintzat ia berdina dira. Auskalo zein bilakaera jasan duen jatorrizko bertsioak. Inork ezagutzen al duzue antzekorik?
Bideo grabaketa:
Joseba Karrera hainbeste maite duen bere iloba Oihan-ekin. Klaritari ikasi zion Josebak, aspaldian bere anai arrebei abesten omen zien eta orain ilobari.
zabaldu |
del.icio.us |


