ugartetik

TALAI DANTZA

Asteartea, 2009 Otsaila 24
Kategoria: Ugarte, Amezketa


Ez dute aurten ere hutsik egin Amezketako Talai dantzariek. Urtero bezala, ihauterietako igande goizean, Ugartetik pasa dira. Etxez etxe ibili dira goizen goizetik makila hotsekin jendea alaituz.

Igandez eta astelehenez ateratzen dira talaiak dantzara, soinujoleak eta poltseroa lagun. Goizeko zortzietan Zazpi-Itturri elkartean biltzen dira. Bi talde egiten dira. Igandean talde bat San Martin aldetik abiatzen da eta beste taldea Ugartetik. Batzuk mendiz egiten dute bidea, besteek errepidez. Bi taldeak Zubillaga auzoan elkartzen dira eta handik aurrera herri guztia elkarrekin egiten dute bi taldeek.
Astelehenean, berriz, talde bat Bedaio aldera joaten da, eta bestea igandean bisitatu gabe geratu diren baserrietara. Bi taldeak Larreta baserrian elkartzen dira.

Hurrengo bideo honetan Ugarteko Errotan egin zuten dantza saioa ikus daiteke.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

KANELAN

Osteguna, 2009 Otsaila 19
Kategoria: Ugarte, Jolasak

“Jolas Bilduma”rekin jarraituz gaurkoan aspaldiko harrapaketa jolas bat, gaur egun ere erabiltzen dena. Gu geu ere umetan ibili izan ginen, “kadenita” deitzen genion . Gaur egun nik eskoletan soinketako saioetan ikusi izan dut jolas hau, ez dakidana da ume edo gaztetxoek beren kasara dabiltzenean egiten edo aukeratzen ote dituzten holako jolasak.

IZENBURUA: KANELAN
Jolas mota: harrapaketa jolasa
Partehartzaileak: taldetxo bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Iñaxio Amundarainek honela idatzi dizkit jolas honen nondik norakoak: ”
Jolas honetan ibiltzeko, honela antolatu behar da; lehenengo taldea osatu, sei bat lagun edo gehiago hobe, giro politagoa. Ondoren aukeratu nor izango dan harrapatzailea. Jarri taldea bueltan eta batek esango du behatzarekin seinalatuz: “don-don-i-te-saketi-fuera-saketi-fuera-saketi…” Azkena “saketi” hitza tokatzen zaiona gelditzen da harrapatzaile izateko. Harrapatzaileak, jolas tokiko leku jakin batean eskua jarri behar du eta kantatu: KANELA ZIZELA LABANA TXU TXU RRU TXU !(bi aldiz). Horrek esan nahi du jolasa hastera dijoala. Harrapatzaileak aurrena bat harrapatu behar du eta eskutik helduta segi besteak harrapatzen eta katea osatuz. Katearen izkinean edo muturrean doanak ukitu behar du iheslaria harrapatua izateko eta taldea eten gabe. Harrapatzaile -taldeko denak alde batera begira ibili behar dute. Iheslariak berriz zirikatu egin behar ditu atzekaldetik edo taldearen erditik pasaz alde batera edo bestera. Denak aharrapatutakoan bukatzen da jokaldia.
Hurrengo saioan aurrena harrapatutakoa izan liteke harraptzailea edo azkena harrapatutakoa. Nahi izan ezkero “don-don-i-te…” kantatu daiteke berriro.”

Abestia edo esaera:
Kanela, zizela, labana, txutxurrutxu!
Kanela, zizela, labana, txutxurrutxu!

Aldaerak:
Hasieran esan bezala oraindik ere erabiltzen da jolas eta lehen ere toki askotan ezagutzen zen. Hala ere beste aldaeretan ez dut topatu inon “kanela-zizela-labana-txutxurrutxu” esaerarik.
- Urtxintxaren Euskal Jolasen bilduman “Katean” izenarekin jasota dago.
- Juan Garmendia Larrañagak ere “Ume jolasak” liburuan jolas hau jaso zuen Basaburuan eta Erronkarin, “Kadenan” eta “Pilladores” izenekin.
- Bestalde Eibarko webgune batean jasota dagoenez arboletan egiten zen Txingorra Mingorra jolaserako “txutxurrutxu!” interjekzioa erabiltzen omen zen. Alegiako gaztetxo batzuk eta beraien aita Felix, arbola jolas honetan ikusi nituen pasa den udan Langaurren, “txutxurrutxu” hitzik ez zuten erabiltzen hauek.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft