Azken urteetan bezala aurten ere sagardotegirako irteera antolatu du Ugarteko Elkarteak. Oraindainokoan beti Petritegin izan den arren oraingoan Astigarragako Rezolara joango gara.
Hona hemen joan nahi duenarentzat xehetasun gehiago: EGUNA: APIRILAK 18 larunbata
ORDUA: 12:45-etan Ugarteko plazan.
PREZIOA: - Helduek 35 €
- Gaztetxoak 29 €
(Prezioan bazkaria, autobusa, kafea eta kopa sartuta daude)
- 7 urte arteko umeak 6 € (autobusarena)
Beraz joateko asmoa duzuenok aurrez txartela erosi Goikoetxea-enean.Txartelak erosteko azken eguna apirilak 14 asteartea izango da.
Ez dute aurten ere hutsik egin Amezketako Talai dantzariek. Urtero bezala, ihauterietako igande goizean, Ugartetik pasa dira. Etxez etxe ibili dira goizen goizetik makila hotsekin jendea alaituz.
Igandez eta astelehenez ateratzen dira talaiak dantzara, soinujoleak eta poltseroa lagun. Goizeko zortzietan Zazpi-Itturri elkartean biltzen dira. Bi talde egiten dira. Igandean talde bat San Martin aldetik abiatzen da eta beste taldea Ugartetik. Batzuk mendiz egiten dute bidea, besteek errepidez. Bi taldeak Zubillaga auzoan elkartzen dira eta handik aurrera herri guztia elkarrekin egiten dute bi taldeek. Astelehenean, berriz, talde bat Bedaio aldera joaten da, eta bestea igandean bisitatu gabe geratu diren baserrietara. Bi taldeak Larreta baserrian elkartzen dira.
Hurrengo bideo honetan Ugarteko Errotanegin zuten dantza saioa ikus daiteke.
“Jolas Bilduma”rekin jarraituz gaurkoan aspaldiko harrapaketa jolas bat, gaur egun ere erabiltzen dena. Gu geu ere umetan ibili izan ginen, “kadenita” deitzen genion . Gaur egun nik eskoletan soinketako saioetan ikusi izan dut jolas hau, ez dakidana da ume edo gaztetxoek beren kasara dabiltzenean egiten edo aukeratzen ote dituzten holako jolasak. IZENBURUA: KANELAN Jolas mota: harrapaketa jolasa Partehartzaileak: taldetxo bat Materiala: Ezer ez Nola jolastu: Iñaxio Amundarainek honela idatzi dizkit jolas honen nondik norakoak: ” Jolas honetan ibiltzeko, honela antolatu behar da; lehenengo taldea osatu, sei bat lagun edo gehiago hobe, giro politagoa. Ondoren aukeratu nor izango dan harrapatzailea. Jarri taldea bueltan eta batek esango du behatzarekin seinalatuz: “don-don-i-te-saketi-fuera-saketi-fuera-saketi…” Azkena “saketi” hitza tokatzen zaiona gelditzen da harrapatzaile izateko. Harrapatzaileak, jolas tokiko leku jakin batean eskua jarri behar du eta kantatu: KANELA ZIZELA LABANA TXU TXU RRU TXU !(bi aldiz). Horrek esan nahi du jolasa hastera dijoala. Harrapatzaileak aurrena bat harrapatu behar du eta eskutik helduta segi besteak harrapatzen eta katea osatuz. Katearen izkinean edo muturrean doanak ukitu behar du iheslaria harrapatua izateko eta taldea eten gabe. Harrapatzaile -taldeko denak alde batera begira ibili behar dute. Iheslariak berriz zirikatu egin behar ditu atzekaldetik edo taldearen erditik pasaz alde batera edo bestera. Denak aharrapatutakoan bukatzen da jokaldia.
Hurrengo saioan aurrena harrapatutakoa izan liteke harraptzailea edo azkena harrapatutakoa. Nahi izan ezkero “don-don-i-te…” kantatu daiteke berriro.” Abestia edo esaera: Kanela, zizela, labana, txutxurrutxu!
Kanela, zizela, labana, txutxurrutxu!
Aldaerak:
Hasieran esan bezala oraindik ere erabiltzen da jolas eta lehen ere toki askotan ezagutzen zen. Hala ere beste aldaeretan ez dut topatu inon “kanela-zizela-labana-txutxurrutxu” esaerarik.
- Urtxintxaren Euskal Jolasen bilduman “Katean” izenarekin jasota dago.
- Juan Garmendia Larrañagak ere “Ume jolasak” liburuan jolas hau jaso zuen Basaburuan eta Erronkarin, “Kadenan” eta “Pilladores” izenekin.
- Bestalde Eibarko webgune batean jasota dagoenez arboletan egiten zen Txingorra Mingorra jolaserako “txutxurrutxu!” interjekzioa erabiltzen omen zen. Alegiako gaztetxo batzuk eta beraien aita Felix, arbola jolas honetan ikusi nituen pasa den udan Langaurren, “txutxurrutxu” hitzik ez zuten erabiltzen hauek.
Badira hilabete batzuk Ugarten edo inguruetan aspaldian egiten ziren jolasak biltzen aritu nintzela. Gure aurrekoek egiten zituztenak dira, asko ahazteko arriskuan daude eta beste batzuk zenbait aldaerekin mantentzen dira oraindik ere.
Baditut beste 2 edo 3ren apunteak hartuta eta datotzen postetan horiek idatziko ditut. Gaurkoan izeba Klaritari ikasitako bat erakutsiko dizuet.
IZENBURUA: TXILIN TXILIN BORDA Jolas mota: Haur txikiekin egiteko mugimendu jolasa Partehartzaileak: Heldu bat eta haur txiki bat Materiala: Ezer ez Nola jolastu: helduak haurraren bi eskuak hartzen ditu eta abestitxoaren erritmoa jarraituz mugitzen dira biak. Haurra helduaren magalean, bere aulkian, beste baten besoetan… egon daiteke. Bukaeran batzutan eskuak haurraren aurpegira eramaten dira. Abestia edo esaera: Txilin txilin borda,
serorea nun da?
asto txiki txiki batekin,
errotara joan da.
(Pux, pux, pux, pux, pux edo txin-txin!)
Aldaerak: seguruenik jolas honen jatorri bera izango duen abesti baten erreferentzia topatu dut sarean, Euskomedia Fundazioaren kantutegian .
Honela dio testuak: Txilin txilin bonba
¿serorea non da?
Kanpaiak yotzen.
Aita dolorez,
ama negarrez,
umeak txuloan
da abadeak kantuan.”
Aurrenekoa bi ahapaldiak behintzat ia berdina dira. Auskalo zein bilakaera jasan duen jatorrizko bertsioak. Inork ezagutzen al duzue antzekorik?
Bideo grabaketa: Joseba Karrera hainbeste maite duen bere iloba Oihan-ekin. Klaritari ikasi zion Josebak, aspaldian bere anai arrebei abesten omen zien eta orain ilobari.
Mugimendu honi buruzko lehen komentarioak Iñigori egin nizkion kalean eta Txarlik Bedaiori buruz idazten zuela konturatutakoan bururatu zitzaidan nik ere zerbait idatzi nezakeela Ugarteri buruz. Hori izan zen nire bloga sortzera bultzatu ninduen arrazoi nagusia eta UGARTEk jarraitzen du izaten blog honetako gai nagusia. Iñigori esan nion nik ere nahi nuela blog bat egin eta poz handiz hartu zuen berak. Nik egia esan momentu horretan ez nuen ideiarik ere zer zen edo zer suposatzen zuen blog bat izateak baina maisuaren etxean lehenengo posta idatzi eta etxera etorri eta bakarrik gelditu nintzenean hasi nintzen konturatzen, “Ni zertan sartu naiz? Ez naiz aklaratzen!” Zorionez hor egon da maisua beti laguntzeko prest, batek daki zenbat galdera eta kontsulta egin ote dizkiodan urte guzti honetan eta beti erantzun eta lagundu dit. Baina bera ez da erantzutearekin bakarrik konformatzen, etxeko lanak bidaltzen dizkit, gauza bat ikasi edo menderatzen dudala ikusten duenean zerbait berria egiteko agintzen dit, eta gero beste bat, eta gero beste bat… Honelaxe konturatzerako hainbat gauza ikasten joan naiz. Eskerrik asko. Ezin ahaztu beste blogetatik… ere ikasten ditugunak, batez ere noizean behin Txarlik ere eskaintzen dizkigun ikasgaietatik, Txintxarrimedia…
Lehenengo urtemuga honek ustekabean harrapatu nau, konturatzerako heldu da eta presaka ari naiz idazten. Nire asmoa egun honetarako argazki muntai edo bideoren bat prestatzea zen arren beste batean izan beharko du. Ez ditut idatzitako postak, erantzunak edo bisitaldiak ere kontatu, badakit ordea hasieran espero baino gehiago izan direla. Maisuak esan zidan hilean behin zerbait idatzita urte eginda neukala eta muga hori behintza pasa dut. Aipamena egin nahi dite baita ere postak irakurri, jarraitu, komentatu eta erantzun dituzten guztiei, beraiek eman didatelako denboraz justu nabilenean jarraitzeko indarra. Eskerrik asko zuei ere.
Bukatzeko besterik prestatu ez dudanez nire gustoko bi abesti:
Hurrengo urtemugarako Ugarteko irudiez osatutako bideoa bat prestatzen saiatuko naiz.
Pasa ziren ugartetik ere gabon kantariak abenduaren 24ean, talde bat goizean eta bestea arratsaldean. Ugartear batzuz eta batez ere amezketarrez osatuak bi taldeak. Ugartetik hasi eta etxez etxe Amezketako azken etxeraino, bide guztia oinez eginez, urteroko ohitura.
GoizeanZumadi eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak ibili ziren hotzari aurre eginez. Arratsaldean berriz preso eta iheslarien aldeko taldeak egin zuten ibilbide berbera, goizean baserriz baserri ibiliak ziren hauek.
Badatoz gabonak eta badator Olentzero ere, jada bidean omen da.
Urtetik urtera indar handiagoa du gure Olentzerok, hortan saiatzen ari da jende asko. Urtetik urtera gero eta informazio , ipuin , webgune , filma , istorio, jai… gehiago ditugu Olentzerori buruz. Nire ustez toki berezia du eta hala izan behar du Olentzerok Euskal Herrian: geure geurea delako, euskal mitologiaren parte delako, kristautasunaren aurretik ere ezagutzen zelako (beste modu batera..), neguko solstizio jaiekin lotura duelako, Euskal Herriko probintzia guztietara iristen delako… Asko izan daitezke arrazoiak.
Gainera ez da gure artean ere batzuk uste bezain berria ere, Batiste Zabalak ere aipatzen du Olentzero Txintxarri Koruko kideek egindako grabaketan. Benetan merezi du bere kopla nahiz gabonetako kontuak entzutea .
Hala ere gure herrietan abenduaren 24ean antolatzen diren Olentzeroren jai edo etorrerak bultzada baten premia daukate. Pixkanaka pixkanaka gure inguruan bide horretan goazen arren oraindik begi bistakoa da urtarrilaren hasierako desfilerako antolatzen den jaiak leku gehienetan baliabide gehiago dituela, festa handiagoak antolatzen direla, jende gehiago mugitzen dela eta ondorioz askotan umeek emozio gehiagoz bizitzen dutela. Gutxienez pareko festa eta etorrera merezi du gure Olentzerok. Iruñeko udalak bertako hiru auzotan Olentzeroren kalejira debekatzeak ere mereziko luke hausnarketa.
Aurten Alegin behintzat indartuta dator Olentzeroren festa. Horretarako ahalegin eta lan asko egiten ari da Kultura batzordeko taldea, 24ean ikusi ahal izango dugu horren emaitza. Jada kalean iragarrita dagoen bezala abenduaren 24an arratasldeko 17:30etan iritsiko dira Alegira Olentzero eta Mari Domingi.
Ea datorren urtean Debakoek grabatu zuten bezalako bideoa jarri dezakegun gure herrietako Olentzeroren etorrerarekin:
Gure herrian sufrimendu asko jasaten da eta jende ugarik egiten du negar. Duela gutxi iritzi artikulu batean irakurri nuen bezala “batzutan ez dakigu irteerara hurbiltzen ari garen edo labirinto moduko kobazulo bateruntz goazen”. Baina sufrimendura bueltatuz, argi dago negar batzuk oso ozen entzuten direla, norbaitek handitu egiten ditu; beste batzuk badirudi negar egitea ere debekatua dutela. Azken hauen mina isildu eta ezkutatu egiten da.
Behar baino gutxiago entzuten den mina eta negarra dira adibidez TORTURAK eragiten dituenak. Gaur egun ere sistematikoki torturatzen da. Beste askoren artean espazioan eta denboran hurbil dugu oraindik ere Irati Mujikaren kasua.
Irati Ugarten jaio zen eta ondoren Amezketan bizi izan da. Azken urtetotan Iruña zuen bizileku eta bertan atxilotu zuten aurreko hilean beste bi lagunekin batera. 4 egunez inkomunikatuta egon zen eta berak esan duenez torturak , jasan zituen, bidaiean bertan hasi zirenak: BORTXA MEHATXUAK, KOLPEA, MAKILAKADAK, 4 EDO 5 ALDIZ BOLTSA JARRI ZIOTEN BURUAN ARNAS HARTZEA ERAGOTZIZ, ARIKETA FISIKO GOGORRAK EGITERA BEHARTU ZUTEN… Egun horien ondoren Soto del Real-eko espetxera bidali zuten, isolamenduan, inor ikusteko eskubiderik gabe, komun txiki baten neurriko gela umel batean. Orain bere familiakoek bera ikusteko 450 km egin behar dituzte eta 40 minutuz ikusten dute kristal zikin batetik. Bere delitua SEGIko kide izatea.
Gabonak hurbiltzen ari zaizkigu eta jada hasi gara elkartasuna, solidaritatea, laguntasuna, etxeko epeltasuna, familiarteko otorduak… eta antzeko hitzak entzuten. Familia askotan ordea, urtea zeharreko egunak gogorrak badira gabon egunak are eta gogorragoak izaten dira. Edozein arrazoigatik inguruan falta ditugunen hutsuneak eragiten duen mina handiagotu egiten da.
Hona hemen torturai buruzko bideo bat, Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) egina 2003an:
Neu ez nintzen izan gaztain jatean baina arratsaldean zehar, prestaketa lanetan ari zirela, hor ibili nintzen eta dakidana da 40 kilo gaztain erre zituztela Paulo eta Josebak, 70 lagunetik gora izena emanda zeudela afaltzeko eta sahieski kilo dexente ere ikusi nituen parrilaren ondoan erretzeko pronto. Ea afaltzen izan zinentako norbaitek zeozer gehiago kontatzen diguzuen…
Neroni afaltzera gelditu ez arren nire argazki kamara bidali nuen bertara. Honako argazki hauek atera zituen Gotzonek :