ugartetik

URTEBETE “Ugartetik”

Igandea, 2009 Urtarrila 11
Kategoria: Ugarte, Alegia

Gaur betetzen da urtebete “UGARTETIK” blogari hasiera eman nionetik.

Txintxarrisferako 1.go Ardiki afaria egin zutenean izan nuen talde honen berri eta orduan hasi nintzen egiten zutena jarraitzen. Hasieran ez nekien blog bakoitzaren atzean nor zegoenik ere, gero joan nintzen jakiten Iñigo , Txarli , Silber, Aranburu anaiak, Juanjo, bertso eskolakoakzirela.

Mugimendu honi buruzko lehen komentarioak Iñigori egin nizkion kalean eta Txarlik Bedaiori buruz idazten zuela konturatutakoan bururatu zitzaidan nik ere zerbait idatzi nezakeela Ugarteri buruz. Hori izan zen nire bloga sortzera bultzatu ninduen arrazoi nagusia eta UGARTEk jarraitzen du izaten blog honetako gai nagusia. Iñigori esan nion nik ere nahi nuela blog bat egin eta poz handiz hartu zuen berak. Nik egia esan momentu horretan ez nuen ideiarik ere zer zen edo zer suposatzen zuen blog bat izateak baina maisuaren etxean lehenengo posta idatzi eta etxera etorri eta bakarrik gelditu nintzenean hasi nintzen konturatzen, “Ni zertan sartu naiz? Ez naiz aklaratzen!” Zorionez hor egon da maisua beti laguntzeko prest, batek daki zenbat galdera eta kontsulta egin ote dizkiodan urte guzti honetan eta beti erantzun eta lagundu dit. Baina bera ez da erantzutearekin bakarrik konformatzen, etxeko lanak bidaltzen dizkit, gauza bat ikasi edo menderatzen dudala ikusten duenean zerbait berria egiteko agintzen dit, eta gero beste bat, eta gero beste bat… Honelaxe konturatzerako hainbat gauza ikasten joan naiz. Eskerrik asko. Ezin ahaztu beste blogetatikere ikasten ditugunak, batez ere noizean behin Txarlik ere eskaintzen dizkigun ikasgaietatik, Txintxarrimedia

Lehenengo urtemuga honek ustekabean harrapatu nau, konturatzerako heldu da eta presaka ari naiz idazten. Nire asmoa egun honetarako argazki muntai edo bideoren bat prestatzea zen arren beste batean izan beharko du. Ez ditut idatzitako postak, erantzunak edo bisitaldiak ere kontatu, badakit ordea hasieran espero baino gehiago izan direla. Maisuak esan zidan hilean behin zerbait idatzita urte eginda neukala eta muga hori behintza pasa dut. Aipamena egin nahi dite baita ere postak irakurri, jarraitu, komentatu eta erantzun dituzten guztiei, beraiek eman didatelako denboraz justu nabilenean jarraitzeko indarra. Eskerrik asko zuei ere.

Bukatzeko besterik prestatu ez dudanez nire gustoko bi abesti:


Hurrengo urtemugarako Ugarteko irudiez osatutako bideoa bat prestatzen saiatuko naiz.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (4) erantzun

BADATOR OLENTZERO!

Larunbata, 2008 Abendua 20

Badatoz gabonak eta badator Olentzero ere, jada bidean omen da.

Urtetik urtera indar handiagoa du gure Olentzerok, hortan saiatzen ari da jende asko. Urtetik urtera gero eta informazio , ipuin , webgune , filma , istorio, jai… gehiago ditugu Olentzerori buruz. Nire ustez toki berezia du eta hala izan behar du Olentzerok Euskal Herrian: geure geurea delako, euskal mitologiaren parte delako, kristautasunaren aurretik ere ezagutzen zelako (beste modu batera..), neguko solstizio jaiekin lotura duelako, Euskal Herriko probintzia guztietara iristen delako… Asko izan daitezke arrazoiak.

Gainera ez da gure artean ere batzuk uste bezain berria ere, Batiste Zabalak ere aipatzen du Olentzero Txintxarri Koruko kideek egindako grabaketan. Benetan merezi du bere kopla nahiz gabonetako kontuak entzutea .

Hala ere gure herrietan abenduaren 24ean antolatzen diren Olentzeroren jai edo etorrerak bultzada baten premia daukate. Pixkanaka pixkanaka gure inguruan bide horretan goazen arren oraindik begi bistakoa da urtarrilaren hasierako desfilerako antolatzen den jaiak leku gehienetan baliabide gehiago dituela, festa handiagoak antolatzen direla, jende gehiago mugitzen dela eta ondorioz askotan umeek emozio gehiagoz bizitzen dutela. Gutxienez pareko festa eta etorrera merezi du gure Olentzerok. Iruñeko udalak bertako hiru auzotan Olentzeroren kalejira debekatzeak ere mereziko luke hausnarketa.

Aurten Alegin behintzat indartuta dator Olentzeroren festa. Horretarako ahalegin eta lan asko egiten ari da Kultura batzordeko taldea, 24ean ikusi ahal izango dugu horren emaitza. Jada kalean iragarrita dagoen bezala abenduaren 24an arratasldeko 17:30etan iritsiko dira Alegira Olentzero eta Mari Domingi.

Ea datorren urtean Debakoek grabatu zuten bezalako bideoa jarri dezakegun gure herrietako Olentzeroren etorrerarekin:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

MIKEL AMUNDARAIN SASKIGINTZAN

Asteartea, 2008 Urtarrila 29
Kategoria: Ugarte, Alegia

Gaurkoa nire osaba eta “attepunteko” Mikeli eskainiko diot

Saskigintza aspaldiko jarduera da Euskal Herrian. Garai batetan saski hauek oinarrizko produktuak ziren. Behar konkretu bakoitzerako saski mota bat zegoen. Gainera ia baserri guztietan egiten ziren saskiak, bakoitzak behar zituenak eta bakoitzak ahal zuen modukoak. Bizimoduaren aldaketarekin eta material berriak agertzearen ondorioz, ohitura hau desagertzen joan zen. Gutxi dira gaur egun saskigintzan aritzen direnak, horietako bat da Mikel.

Mikel Amundarain Amezketako Beantetxeberri baserrian jaio zen duela 71 urte. Bedaioko Iruña baserriko Tere Goikoetxearekin ezkondu zen Ugarten eta bertan jarri ziren bizitzen. Hemen jaio ziren beraien 4 seme alabak ere baina badira ia 30 urte Alegian bizi direla. Gaur egun Alegian dauka Mikelek saskigintzan aritzeko bere txokoa.
Bere lantokitik jubilatu zenean hasi zen Mikel saskiak egiten, denbora pasan. Beantetxeberrin bere aita Joxe Mari eta Iruñan Pedro Goikoetxea ikusi izan zituen lan honetan. Bi hauei ikusitakoak gogoratuz hasi zen bere kasa lanean, beraiei begira egon ohi zeneko momentuetan ikasitakoak praktikan jarri nahian. Ez zuen bere lehen saskia gaur egun egiten duen bezain erraz egin. Aspaldian ikusitakoak gogoratuz hasi zen eta zenbait momentutan trabatuta geratu izan zen nola jarraitu ez zekiela. Bere eredu izandako biak jada hilik zeudenez bere kabuz joan zen Mikel pixkanaka teknikaz jabetzen, bere estilo eta berrikuntza pertsonalak sartuaz. Haiengan ikusten zuenetik hainbat aldaketa egin ditu, lana errazago egin ahal izateko: lanerako mahaitxoa, moldeak, lanean ari den bitartean saskia geldirik mantentzeko sistema…

Honako prozesua jarraitzen du saskia osatzeko :

1. Adarretik zumitzak atera (Zumitza: Zuhaitz-adarretik lortzen den zurezko zati luze eta mehea). Adar bakoitzetik 8-10 zumitz.
2. Zumitzak zuritu
3. Ipurdirako zumitzak moztu eta oinarria egin
4. Moldea jarri
5. Lanerako mahaian lotu oinarria
6. Bueltaka hasi zumitz luzearekin, bilbe egituran. Zumitz bat bukatutakoan beste batekin jarraitu.Zutik dauden zumitzek altuera markatuko dute. Hasierako bueltak bi zumitzekin egiten ditu.
7. Nahi adina altuera emandakoan uztai egokia aukeratu edo egin. Uztai hauek aurrez eginda izaten ditu batzuk, forma eta tamaina desberdinetakoak. Bestela behar duena egin. Molde batean edukitzen ditu forma hartzen. Uztaia kola eta iltzearekin lotzen du.
8. Uztaia lotzeko gora begira dauden zumitz zatiak biratu bihurkinaren laguntzaz. Bildutako hauek kolarekin txukundu, berdindu, kolatu…
9. Izpiak txukundu, tarteko zumitz puskak moztu, zumitzen arteko loturak txukundu…

Hona hemen prozesu guzti hau erakusten duen argazki sorta.
BubbleShare: Share photos -
Aurrez prestaketak eginda izan ezkero ordubetean saski bat osatua izaten du Mikelek.

Bere aurrekoei ikusi zien bezala Mikelek hurritzaren adarrekin egiten ditu saskiak, oinarrirako gaztainondoarena erabiltzen du. Uztaia egiteko hurritzaz gain bestelakorik ere erabili izan du: aranondoa, sahatsa…

Altzo ingurutik ekartzen ditu behar dituen adarrak. Urteko edozein garaitan biltzen ditu berak. Izerditsu dagoenean azala errazago kentzen zaio baina hala ere urtean osoan zehar biltzen eta erabiltzen ditu berak. Ez du urik ez laberik behar izaten zumitzak lantzeko.

Ondorengo argazki sortan jada eginda dauden saskien bilduma ikus dezakegu. Forma, tamaina, kolore edo erabilera desberdinetakoak dauzka. Saskien artean daude baita ere Mikelek egiten dituen makila eta aulkiak ere.

BubbleShare: Share photos -
Batzutan etxe ondoan bertan izaten ditugu artisaurik hoberenak.
AUPA MIKEL, SEGI HOLAXE URTE ASKOAN!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (7) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft