ugartetik

“Beti eskama kentzen…” ERESARGI

Igandea, 2009 Azaroa 8
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Aurreko postean aipatu bezala ERESARGi abesbatzak abestu du gaur arratsaldean Ugarteko elizan bertaratutakoen gozamenerako. Ez da aurreko urteetako emanaldietan adina jende etorri, eguraldiak ere ez zuen etxetik ateratzeko gogorik ematen. Estilo ezberdinetako abesti asko kantatu dituzte. Hona hemen horietako biren bideoak, entzuteko eta ikusteko ere politak dira eta:


Hau idazten ari naizen une honetan berriz Ugarteko Elkartea bete jende ariko da afaltzen. Sardinak izango zirela iragarri arren Txitxarroak ikusi ditugu parrilan erretzeko prest, ez omen dago eta sardinik.

Kostilla ere jango zen. Afalondoan abesteko asmotan omen zen jendea, ez dakigu abesbatzakoak bezain ongi kantatu ote duten. Ea afarian egondako norbaitek idazten digun kontatzeko.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

ABESBATZA EMANALDIA UGARTEN ERE.

Asteartea, 2009 Azaroa 3
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Urteroko abesbatza lehiaketa sonatuaren garaian gauden egun hauetan, Ugarten ere izango dugu abesbatza emanaldia.

Azken urteotan Amezketako Kultur Asteko egun batez ekitaldiak Ugarten izaten dira: musika emanaldia elizan eta ondoren afaria.

Aurreko urteetan elizako emanaldian Alegiako Txintxarri abesbatza eta ARIMAZ taldea izan genituen. Aurtengoan Billabonako Eresargi abesbatza entzuteko parada izango da nahi duenarentzat. Iluntzeko 19:00-etan izango da.

Ondoren, 20:30etan sardina eta kostilla jatea izango da Ugarteko Elkartean. Joan nahi duenak aurrez erosi behar ditu txartelak herriko tabernetan.

Animatu nahi duzuenok!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

BURUNTZUNZINGO BAZKARIA

Ostirala, 2009 Uztaila 3
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Eguraldi ezin hobea izan zen mendirako. Ugarteko festa Batzordeak bazkaria zuen antolatua nahi zuten guztientzat ekainaren 27rako Buruntzunzinen. Bakarren bat bezperatik igo zen, beste batzuk goizean goiz eta beste batzuk justu iritsi ziren bazkalordurako. Batzuk mendian ibilaldia egin zuten, errekan ibilitakoak ere baziren, bazkaria prestatzen ere bai batzuk eta zenbaitek txabolaraino iristearekin nahikoa. Guztiak ordea bazkalordurako puntual bildu omen ziren mahaiera.

Bazkaria primerakoa izan zela diote bertan izandakoek. Postre garaian, ustekabean bakarren baten urtebetetzea ere ospatu zen. Zorionak! Arratsaldean beheruntz jeitsi eta batzuk Ugarteko Elkartean afaldu zuten eguna borobiltzeko.

Lehenengo aldiz antolatu den bazkari hau hain ondo atera zela ikusita ziur errepikatuko dela. Hala espero dugu joaterik izan ez genuenok.

Argazki hauek atera zituen Gotzonek:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

BURUNTZUNZINGO TXABOLARA

Asteartea, 2009 Ekaina 16
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Ugarteko etxe guztietara honako proposamen hau iritsi zaigu:

“Kaixo Ugartear guztioi:
Ugarteko Festa Batzordeko kideok Buruntzunzingo txabolan bazkaria antolatzea pentsatu dugu ugartear batzuk Buruntzunzingo aterpean bazkide garen aitzakiarekin.
Bazkaria ekainak 27, larunbata, eguerdiko ordubiak aldera izango da eta bazkaria prestatzeaz gu arduratuko gara. Joatea pentsatzen duzuenok egin beharreko bakarra aurrez izena ematea da, Elkartean jarriko dugun orrian. Izen emateko azken eguna ekainak 23 asteartea izango da.
Gure proposamena bazkari aurretik mendi ibilalditxo bat egitea da bertako parajeaz gozatzeko. Apuntatzen zaretenokin eguna baino lehen harremanetan jarriko gara nola joan erabaki eta edozein zalantza argitzeko.”

Ez dakizuenonzat esan Buruntzunzin Aralarren dagoen txabola bat dela, Arritzaga inguruan kokatua, Artubiren azpian. Orain Buruntzunzin Mendi Elkartearen aterpea den hau aspaldian hor inguruan martxan egon ziren minetako langileen barrakoiak izan ziren. Meategietako langileek bertan pasatzen omen zuten aste osoa, egunean 12 orduko lanaldiak eginez. Gaur egun erabat egokituta dago eta elkarteko bazkideek erabiltzen dute.

Hona hemen aukera paregabea ingurune eder hori ezagutu eta disfrutatzeko. Animatu nahi duzuenok!
Txabolan eta inguruetan ateratako argazki batzuk dituzue hauek:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

TALAI DANTZA

Asteartea, 2009 Otsaila 24
Kategoria: Ugarte, Amezketa


Ez dute aurten ere hutsik egin Amezketako Talai dantzariek. Urtero bezala, ihauterietako igande goizean, Ugartetik pasa dira. Etxez etxe ibili dira goizen goizetik makila hotsekin jendea alaituz.

Igandez eta astelehenez ateratzen dira talaiak dantzara, soinujoleak eta poltseroa lagun. Goizeko zortzietan Zazpi-Itturri elkartean biltzen dira. Bi talde egiten dira. Igandean talde bat San Martin aldetik abiatzen da eta beste taldea Ugartetik. Batzuk mendiz egiten dute bidea, besteek errepidez. Bi taldeak Zubillaga auzoan elkartzen dira eta handik aurrera herri guztia elkarrekin egiten dute bi taldeek.
Astelehenean, berriz, talde bat Bedaio aldera joaten da, eta bestea igandean bisitatu gabe geratu diren baserrietara. Bi taldeak Larreta baserrian elkartzen dira.

Hurrengo bideo honetan Ugarteko Errotan egin zuten dantza saioa ikus daiteke.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

GABON KANTARIAK

Larunbata, 2008 Abendua 27
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Pasa ziren ugartetik ere gabon kantariak abenduaren 24ean, talde bat goizean eta bestea arratsaldean. Ugartear batzuz eta batez ere amezketarrez osatuak bi taldeak. Ugartetik hasi eta etxez etxe Amezketako azken etxeraino, bide guztia oinez eginez, urteroko ohitura.

Goizean Zumadi eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak ibili ziren hotzari aurre eginez. Arratsaldean berriz preso eta iheslarien aldeko taldeak egin zuten ibilbide berbera, goizean baserriz baserri ibiliak ziren hauek.

Doinurik ezean hona hemen argazkiak:

GOIZEKO TALDEA

ARRATSALDEKO TALDEA

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

BADATOR OLENTZERO!

Larunbata, 2008 Abendua 20

Badatoz gabonak eta badator Olentzero ere, jada bidean omen da.

Urtetik urtera indar handiagoa du gure Olentzerok, hortan saiatzen ari da jende asko. Urtetik urtera gero eta informazio , ipuin , webgune , filma , istorio, jai… gehiago ditugu Olentzerori buruz. Nire ustez toki berezia du eta hala izan behar du Olentzerok Euskal Herrian: geure geurea delako, euskal mitologiaren parte delako, kristautasunaren aurretik ere ezagutzen zelako (beste modu batera..), neguko solstizio jaiekin lotura duelako, Euskal Herriko probintzia guztietara iristen delako… Asko izan daitezke arrazoiak.

Gainera ez da gure artean ere batzuk uste bezain berria ere, Batiste Zabalak ere aipatzen du Olentzero Txintxarri Koruko kideek egindako grabaketan. Benetan merezi du bere kopla nahiz gabonetako kontuak entzutea .

Hala ere gure herrietan abenduaren 24ean antolatzen diren Olentzeroren jai edo etorrerak bultzada baten premia daukate. Pixkanaka pixkanaka gure inguruan bide horretan goazen arren oraindik begi bistakoa da urtarrilaren hasierako desfilerako antolatzen den jaiak leku gehienetan baliabide gehiago dituela, festa handiagoak antolatzen direla, jende gehiago mugitzen dela eta ondorioz askotan umeek emozio gehiagoz bizitzen dutela. Gutxienez pareko festa eta etorrera merezi du gure Olentzerok. Iruñeko udalak bertako hiru auzotan Olentzeroren kalejira debekatzeak ere mereziko luke hausnarketa.

Aurten Alegin behintzat indartuta dator Olentzeroren festa. Horretarako ahalegin eta lan asko egiten ari da Kultura batzordeko taldea, 24ean ikusi ahal izango dugu horren emaitza. Jada kalean iragarrita dagoen bezala abenduaren 24an arratasldeko 17:30etan iritsiko dira Alegira Olentzero eta Mari Domingi.

Ea datorren urtean Debakoek grabatu zuten bezalako bideoa jarri dezakegun gure herrietako Olentzeroren etorrerarekin:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

IRATI

Ostirala, 2008 Abendua 12
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Gure herrian sufrimendu asko jasaten da eta jende ugarik egiten du negar. Duela gutxi iritzi artikulu batean irakurri nuen bezala “batzutan ez dakigu irteerara hurbiltzen ari garen edo labirinto moduko kobazulo bateruntz goazen”. Baina sufrimendura bueltatuz, argi dago negar batzuk oso ozen entzuten direla, norbaitek handitu egiten ditu; beste batzuk badirudi negar egitea ere debekatua dutela. Azken hauen mina isildu eta ezkutatu egiten da.

Behar baino gutxiago entzuten den mina eta negarra dira adibidez TORTURAK eragiten dituenak. Gaur egun ere sistematikoki torturatzen da. Beste askoren artean espazioan eta denboran hurbil dugu oraindik ere Irati Mujikaren kasua.

Irati Ugarten jaio zen eta ondoren Amezketan bizi izan da. Azken urtetotan Iruña zuen bizileku eta bertan atxilotu zuten aurreko hilean beste bi lagunekin batera. 4 egunez inkomunikatuta egon zen eta berak esan duenez torturak , jasan zituen, bidaiean bertan hasi zirenak: BORTXA MEHATXUAK, KOLPEA, MAKILAKADAK, 4 EDO 5 ALDIZ BOLTSA JARRI ZIOTEN BURUAN ARNAS HARTZEA ERAGOTZIZ, ARIKETA FISIKO GOGORRAK EGITERA BEHARTU ZUTEN… Egun horien ondoren Soto del Real-eko espetxera bidali zuten, isolamenduan, inor ikusteko eskubiderik gabe, komun txiki baten neurriko gela umel batean. Orain bere familiakoek bera ikusteko 450 km egin behar dituzte eta 40 minutuz ikusten dute kristal zikin batetik. Bere delitua SEGIko kide izatea.


Gabonak hurbiltzen ari zaizkigu eta jada hasi gara elkartasuna, solidaritatea, laguntasuna, etxeko epeltasuna, familiarteko otorduak… eta antzeko hitzak entzuten. Familia askotan ordea, urtea zeharreko egunak gogorrak badira gabon egunak are eta gogorragoak izaten dira. Edozein arrazoigatik inguruan falta ditugunen hutsuneak eragiten duen mina handiagotu egiten da.

Hona hemen torturai buruzko bideo bat, Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) egina 2003an:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (5) erantzun

OIHAN jaio da

Astelehena, 2008 Maiatza 12
Kategoria: Ugarte, Amezketa

Gaurko egunez OIHAN jaio da . Zorionak ama Gotzone, aita Alberto eta ingurukoei. Ongi etorri gure artera Oihan!

Oihan-en ama Gotzone, blog honetako kolaboratzailea, bertsozalea eta Amezketako Bertso eskolako kidea izanik, merezi duela uste dut bertso bat gertaera honek. Hor doa bertsoa hamarreko txikian:

Maiatzak hamabian
jaio zaigu Oihan,
horrentxen zain geunden gu
denok asapldian,
notizi pozgarria
gure herri txikian,
zorte on gurasooi
zeregin berrian,
ta OIHAN goza zazu
amatxon titian!

Doinu: Batetikan korroska

Ugarte bezalako herri txiki batean gertaera pozgarria da haur bat jaiotzea, noizean behin gertatzen baita. Horregatik asko pozten gaitu berriak, erdi ugartear erdi amezketar izango den mutiko honen etorrerak guztiok alaitzen gaitu. Halaxe gertatu zen aurretik etorri ziren Alain, Unax, Aisha, Yaiza, Gorka, Eneritz… eta abarrekin ere.

Izan dira Ugarten jaiotza gutxiagoko edo batere jaiotzarik gabeko urte dezente ere, plazan edo eskolaurrean (soziedade aurrean) jolasean umerik ikusten ez zen urteak. Orain, ez beti baina bai batzutan, ume hauen eta beraien lagunen jolasek Ugarteri bizitasuna eta alaitasuna ematen dizkiete. Beraiei eskaini nahi diet gaurko posta, beraiek dira etorkizuna, beraiek eraikiko dute etorkizuneko Ugarte. Merezi dute gure maitasuna, begirunea eta konfiantza.

Hara hemen beraien argazki batzuk:

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

GAZTE TALDEAREN LEHIAKETA AMEZKETAN

Igandea, 2008 Maiatza 11
Kategoria: Amezketa

Aspaldi honetan, Ugartera ia egunero joaten naizen arren ez naiz Amezketara askotan iristen. Atzokoan ordea hara joan nintzen lagun batengana eta Gazte Taldeak ergonen antolatutako festa ikusteko aukera izan nuen. Izugarri gustatu zitzaidan eta poza eman zidan zein gazte langile eta ekintzaileak dauden ikusteak. Momentuan erabaki nuen blog honetan lekua egingo niela, merezi duelako egiten dutena erakustea. Egun osoko festa antolatu zuten: bazkaria, musika, kalejira eta LEHIAKETA mundiala! Beraiek antolatu, prestatu dena, lan egin eta disfrutatu! Lehiaketa garaian beraietaz aparte herriko adin guztietako ikusleak izan ziren. Umorea nagusi, barre algarak bazter guztietan. Askotan egiten dituzte holakoak edo bestelako ekimenak!
Ondorengo argazki hauek atera nituen, lastima bideo kamara ez eraman izana! Ez da erraza argazkiekin bakarrik hango giroa guztiz deskribatzea.

Nik ez dut ezagutu Amezketan azken urte hauetan bezalako gazte mugimendurik. Duela gutxi bete zituen 10 urte gazte taldeak eta “zutik bezain bizirik” jarraitzen du. Urteurrenean HITZAn agertutako artikulutik pasarte pare bat azpimarratu nahi nituzke, egiten duten ekimen mordoa eta lanerako filosofia zein diren jakiteko:

“…talde ezberdinak bilduz, ekintza gehiago antolatuz: erregeen etorrera, Gazte Eguna, lehiaketak, Talairekin konpromisoa, kontzertuak, bideo emanaldiak, irteerak, beste gazte asanbladekin elkartasuna eta ekintzak, euskal errepresaliatu politikoekin elkartasuna, euskarari bultzada, antzerkia, erakusketak, jolasak, jaialdiak, jazzaladiak, gaztetxe martxa, AHTren inguruko eztabaidak, salaketak, bazkariak, txosnak, jokuak, mahainguruak…”

«Gazteak garelako, autogestioan sinesten dugulako, herria maite dugulako, beharrak eta nahiak ase nahi ditugulako, injustiziak ikusten ditugulako, egiten dugun horretan sinesten dugulako 10 urte, eta bizirik!»

Urtean askoan jarrai dezala mugimendu honek!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft