ugartetik

KANELAN

Osteguna, 2009 Otsaila 19
Kategoria: Ugarte, Jolasak

“Jolas Bilduma”rekin jarraituz gaurkoan aspaldiko harrapaketa jolas bat, gaur egun ere erabiltzen dena. Gu geu ere umetan ibili izan ginen, “kadenita” deitzen genion . Gaur egun nik eskoletan soinketako saioetan ikusi izan dut jolas hau, ez dakidana da ume edo gaztetxoek beren kasara dabiltzenean egiten edo aukeratzen ote dituzten holako jolasak.

IZENBURUA: KANELAN
Jolas mota: harrapaketa jolasa
Partehartzaileak: taldetxo bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Iñaxio Amundarainek honela idatzi dizkit jolas honen nondik norakoak: ”
Jolas honetan ibiltzeko, honela antolatu behar da; lehenengo taldea osatu, sei bat lagun edo gehiago hobe, giro politagoa. Ondoren aukeratu nor izango dan harrapatzailea. Jarri taldea bueltan eta batek esango du behatzarekin seinalatuz: “don-don-i-te-saketi-fuera-saketi-fuera-saketi…” Azkena “saketi” hitza tokatzen zaiona gelditzen da harrapatzaile izateko. Harrapatzaileak, jolas tokiko leku jakin batean eskua jarri behar du eta kantatu: KANELA ZIZELA LABANA TXU TXU RRU TXU !(bi aldiz). Horrek esan nahi du jolasa hastera dijoala. Harrapatzaileak aurrena bat harrapatu behar du eta eskutik helduta segi besteak harrapatzen eta katea osatuz. Katearen izkinean edo muturrean doanak ukitu behar du iheslaria harrapatua izateko eta taldea eten gabe. Harrapatzaile -taldeko denak alde batera begira ibili behar dute. Iheslariak berriz zirikatu egin behar ditu atzekaldetik edo taldearen erditik pasaz alde batera edo bestera. Denak aharrapatutakoan bukatzen da jokaldia.
Hurrengo saioan aurrena harrapatutakoa izan liteke harraptzailea edo azkena harrapatutakoa. Nahi izan ezkero “don-don-i-te…” kantatu daiteke berriro.”

Abestia edo esaera:
Kanela, zizela, labana, txutxurrutxu!
Kanela, zizela, labana, txutxurrutxu!

Aldaerak:
Hasieran esan bezala oraindik ere erabiltzen da jolas eta lehen ere toki askotan ezagutzen zen. Hala ere beste aldaeretan ez dut topatu inon “kanela-zizela-labana-txutxurrutxu” esaerarik.
- Urtxintxaren Euskal Jolasen bilduman “Katean” izenarekin jasota dago.
- Juan Garmendia Larrañagak ere “Ume jolasak” liburuan jolas hau jaso zuen Basaburuan eta Erronkarin, “Kadenan” eta “Pilladores” izenekin.
- Bestalde Eibarko webgune batean jasota dagoenez arboletan egiten zen Txingorra Mingorra jolaserako “txutxurrutxu!” interjekzioa erabiltzen omen zen. Alegiako gaztetxo batzuk eta beraien aita Felix, arbola jolas honetan ikusi nituen pasa den udan Langaurren, “txutxurrutxu” hitzik ez zuten erabiltzen hauek.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

TXILIN TXILIN BOOORDA

Asteartea, 2009 Urtarrila 27
Kategoria: Ugarte, Jolasak

Badira hilabete batzuk Ugarten edo inguruetan aspaldian egiten ziren jolasak biltzen aritu nintzela. Gure aurrekoek egiten zituztenak dira, asko ahazteko arriskuan daude eta beste batzuk zenbait aldaerekin mantentzen dira oraindik ere.

Baditut beste 2 edo 3ren apunteak hartuta eta datotzen postetan horiek idatziko ditut. Gaurkoan izeba Klaritari ikasitako bat erakutsiko dizuet.

IZENBURUA: TXILIN TXILIN BORDA
Jolas mota: Haur txikiekin egiteko mugimendu jolasa
Partehartzaileak: Heldu bat eta haur txiki bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: helduak haurraren bi eskuak hartzen ditu eta abestitxoaren erritmoa jarraituz mugitzen dira biak. Haurra helduaren magalean, bere aulkian, beste baten besoetan… egon daiteke. Bukaeran batzutan eskuak haurraren aurpegira eramaten dira.
Abestia edo esaera:
Txilin txilin borda,
serorea nun da?
asto txiki txiki batekin,
errotara joan da.

(Pux, pux, pux, pux, pux edo txin-txin!)

Aldaerak: seguruenik jolas honen jatorri bera izango duen abesti baten erreferentzia topatu dut sarean, Euskomedia Fundazioaren kantutegian .
Honela dio testuak:
Txilin txilin bonba
¿serorea non da?
Kanpaiak yotzen.
Aita dolorez,
ama negarrez,
umeak txuloan
da abadeak kantuan.”

Aurrenekoa bi ahapaldiak behintzat ia berdina dira. Auskalo zein bilakaera jasan duen jatorrizko bertsioak. Inork ezagutzen al duzue antzekorik?

Bideo grabaketa:
Joseba Karrera hainbeste maite duen bere iloba Oihan-ekin. Klaritari ikasi zion Josebak, aspaldian bere anai arrebei abesten omen zien eta orain ilobari.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

TXALO TXALO TXIN

Asteartea, 2008 Uztaila 29
Kategoria: Ugarte, Jolasak

Gaurkoan dakardan esku jolas hau ere nahiko ezaguna eta aldaera asko dituena da, toki ezberdinetan lekuan lekuko moduan egin izan dena alegia. Nik etxean entzun izan dudan moduan azalduko dut.

Honen harira, jolasen gai honekin hasi nintzenetik buruan dabilkidan gaia aipatu nahi nuke, jolasen UNIBERTSALTASUNArena hain zuzen ere. Bada jolas hauek geureak bakarrik kontsideratzeko joera bat. Zilegi da geureak sentitzea, gure tradizio kulturalean erabat txertaturik baitaude. Hala ere, pixka bat beste kultura eta zibilizaizoetara begiratzen badugu guztietan antzeko jolasak topa daitezke, aldaera edo esanahi desberdinekin. Hona hemen adibide batzuk:
- Taba (tortoloxa) jolasa: antzinako Grezian ere egiten omen zen eta helduen jokoa omen zen, erromatarren garaian ere ezaguna zen, baita laponian edo Groenlandian ere (foken hegatsetako hezurrekin).
- Kanika jolasak:, antzinako Egipton jada egiten omen ziren kanika jolasak.

- Sokazko irudiak: argazkian ikusten diren bezalako irudiak egitearena ere oso oso antzinakoa eta zabaldua omen da. Ehiztariak ziren tribuetan jada egiten omen zen, ez ume jolas moduan ordea. Etnografoentzat enigma bat izan omen da Zelanda Berriko maorien artean, Artikoko inuiten artean, ipar Amerikako edo afrikako tribuetan sokazko irudi berdinak egin izana. Bitxia da.
- Antzeko egoerak ematen dira ziba, harrapaketak, esku joalasak… eta beste hainbat jolasekin. Gainera jolasak abesti edo esaera duen kasuetan aldaera ugari ematen dira, are gehiago ahoz ahoko tradizioan. Txalo jolas honek ere auskalo zenbat bertsio dituen.

Guzti hau esan ondoren hona hemen aukeratutako jolasari buruzko xehetasunak, Ugarten egin izan dugun moduan:
IZENBURUA: TXALO TXALO TXIN
Jolas mota: Esku jolasa
Jokalariak: Heldu bat eta haur txiki bat
Materiala: Ezer materialik ez, jolaserako gogoa.
Nola jolastu: helduak haurraren bi eskuak hartzen ditu eta abestitxoaren erritmoa jarraituz txaloak jotzen laguntzen dio. Bukaeran eskuak haurraren aurpegira eramaten dira.
Abestia edo esaera:
Txalo txalo txin
hator etxera amatxin
taloa bere ederrean
bere aulkitxo nabarrean
pustatxoaaaa, purratxoaaa
Oierren bixarrean!

Aldaerak: hasieran esan bezala jolasa ezaguna da eta antzeko abesti ugari daude, horietako askok jatorri bera izango dutelarik ziurrenik. Bedaion bertan, Belarmugan , beste modu batera esaten dute; Nekane Eizagirrek dioenez Azpeitin ere bada beste modu bat; sarean ere topatu dut antzekorik… Ea nor animatzen zareten post honen erantzunetan zuek ezagutzen duzuena idaztera!

Bideo grabaketa:
Oier eta izeba Agurtzane.

Bibliografia: “Euskal Herria. Historia eta Gizartea” JOSEBA INTXAUSTI

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

KUKU MIKU ANDA MIKU

Osteguna, 2008 Ekaina 5
Kategoria: Ugarte, Jolasak


Jolas bildumarekin jarraitzen dut.
Gustura ari naiz bilketa lan hau egiten eta topatu berri dudan On Jose Migel Barandiaranen esaldi bat gogoratu nahi nuke: ” Frogatu da ume jolasetako askotan pilpilka dagoela iraganeko belaunaldien izpiritua, eta agerian geratzen direla sinismen zaharren aztarnak eta desagertutako gurtzeen oroimenak”.
Hara hemen beste zozketa jolas bat, nire gurasoengandik jasoa:
IZENBURUA: KUKU MIKU
Jolas mota: zozketa egiteko, bi taldetan banatzeko.
Nola jolastu: bi talde behar diren jolas batean, jolasean hasi aurretik, taldeak egiteko erabiltzen den formula da. Parte hartu behar duten guztiak borobilean jartzen dira eta batek esaera errezitatzean du, hitza bakoitzean behatzarekin pertsona bat seinalatuz. “Ladron” guztiak alde batera, “ministron” guztiak beste aldera, bi talde eginak geratzen dira. Jolasaren arabera”ladron” edo “ministron” tokatu jolasean paper desberdina izango daiteke. “Ona”ren edo “gaiztoaren”ren papera hartu behan izan ezekro, “ladron” taldekoak gaiztoak izaten ziren eta”ministron” taldekoak onak.
Abestia edo esamoldea:
Kuku miku anda miku
txantxanperro kastellano
plon plon
ikusi det erbie
bota diot harrie
atera diot begie
lau intxaurren erdie
bosgarrena putz
ladron minsitron
ladron ministron
ladron ministron

Aldaerak: Juan Garmendia Larrañagaren “ume jolasak” liburuan jasota dagoenez Lizartzan poteketan jolasteko “betetzailea” zein izango zen jakiteko egiten omen zuten zozketa jolas hau. Dirudienez han ez zuten bi talde egiteko erabiltzen, pertsona bat aukeratzeko baizik.
Eider Zubillagak kontatu didanez Bedaion ere egiten edo esaten zuten antzeko zerbait, hala kontatu omen dio bere amona Joakinak. Iñigok ere komentatu zidan beraiek ere erabiltzen zutela txikitan.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (3) erantzun

Don don i te

Igandea, 2008 Maiatza 25
Kategoria: Ugarte, Jolasak


Ugarten nire ingurukoei beraien ume garaiko jolasetaz galdetu eta galdetu nabilen honetan zozketatzeko formula batzuk ere jaso ditut. Hona hemen hauetako bat.
IZENBURUA: DON DON I TE
Jolas mota: zozketa egiteko, bi taldetan banatzeko.
Nola jolastu: bi talde behar diren jolas batean, jolasean hasi aurretik, taldeak egiteko erabiltzen den formula da. Parte hartu behar duten guztiak borobilean jartzen dira eta batek esaera errezitatzean du, hitza bakoitzean behatzarekin pertsona bat seinalatuz. “Saketi” guztiak alde batera, “fuera” guztiak beste aldera, bi talde eginak geratzen dira. Jolasaren arabera”saketi” edo “fuera” tokatu jolasean paper desberdina izango daiteke. Sakea atera beharreko jokoren bat badin bada (adibidez: zeroketan) “saketi” taldekoek egindo dute, barruan edo kanpona kokatu beharreko jokoren bat baldin bada “fuera” taldekoak kanpoan jarri beharko dute.
Abestia edo esamoldea:
Don don i te
saketi fuera
saketi fuera
saketi fuera

Aldaerak: Juan Garmendia Larrañagaren “ume jolasak” liburuan jasota dagoenez Berastegin Mimitxorrean jolasean hasi aurretik antzeko formula bate erabiltzen zuten harrapatzailea zein zen erabakitzeko. Honela esaten omen zuten: “don-don-ite-saquitis-sauqiti-fuera-doña-Petra-sala-muero-tu-quisiera-quisiera-fuera

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (0) erantzun

KUKURRUKU! ZER DIOZU?

Igandea, 2008 Apirila 27
Kategoria: Jolasak

Hona hemen Euskal Herriko toki askotan ezaguna izan den jolas bat, osatzen ari naizen bilduman laugarrena izango dena. Nik Ugarten entzun eta ikusi izan dudan bezala azalduko dut.
IZENBURUA: KUKURRUKU
Jolas mota: Hizkuntza jolasa.
Partehartzaileak: Heldu bat eta ume bat (edo gehiago)
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Hizkuntza jolas hau galdera eta erantzunek osatzen dute. Helduak haurra magalean hartzen du eta bien artean errezitatzen dute abesti edo aho korapiloa. Hasiera batean helduak galdetu eta erantzungo du baina haurra ikasten doan heinean erantzunak honek emango ditu. Azken erantzuna bien edo inguruan dauden guztien artean esaten da.
Abestia edo esaera:
Kukurruku!
Zer diozu? Buruan min.
Zeinek egin? Xaguxarrak.
Nun da? Sasian.
Zertan? Txotxak biltzen.
Txotxak zertako?Ude berotzeko.
Ude zertako?Orrea itteko.
Orrea zertako?Oiloai emateko.
Oiloa zertako? Arrautze itteko.
Arrautze zertako? Apaizai emateko.
Apaiza zertako? Gu ta mundu guztie salbatzeko!

Aldaera: Hasieran esan bezala Euskal Herriko toki desberdinetan da ezaguna jolas hau, hala nola, Saran, Andoainen, Santa Engrazin, Gartzainen, Oñatin… Ez da toki guztietan berdin berdina, lekuan lekuko euskalkia, hitz nahiz esamoldeak erabiltzen dira. Zenbait ahapaldi erabat desberdinak ere topa daitezke. Hala irakur dezakegu Urtxintxa ren Euskal Jolasen Bilduma lan bikainean.
Horrez gain Urtxintxak abesti honekin soka saltoan aritzeko jolasa proposatzen du.

Bideo grabaketa:
Oier eta attona Iñaxio KUKURRUKU jolasean.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

ARRE ARRE MANDAKO

Igandea, 2008 Apirila 6
Kategoria: Jolasak

Gaurkoan nahiko ezaguna den jolas bati buruzko aipamena bilduma osatzen joateko.

Izenburua: ARRE ARRE MANDAKO
Jolas mota: Haur txikiekin egiteko mugimendu jolasa
Partehartzaileak: Heldu bat eta ume bat
Materiala: Ezer ez
Nola jolastu: Gure inguruan bi modutara egin izan da.
- 1.go era: Helduak haurra magalean (izterren gainean) hartzen du biak elkarri begira daudela. Kantaren erritmoan hankak mugitzen ditu gora eta behera. Bukatzean, haurraren izena esatean (Unaxentzako!) izterrak zabaltzen dira eta umea erortzeko keinua egiten da (bideoan )
-2. era: Helduak bi hankak tolestuta jarri eta gaineko hankaren oinean umea eseriz ere egiten da ( argazkian)
Abestia edo esamoldea:
Arre-arre mandako,
bihar Tolosarako,
etzi Iruñerako.
Handik zer ekarriko?
Zapata eta gerriko.
Haiek zeinentzako?
Unaxentzako!.

Bideo grabaketa:
Hona hemen Leire eta Unax “arre arre mandako”ka Ugarten

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

TXISTA MISTA. Jolas bilduma

Igandea, 2008 Martxoa 30
Kategoria: Jolasak

Aurreko post bat “Kuan tin tuan” jolasari buruz egin nuen Txarli ren “papiolauketan” ikusi ondoren. Guzti horren ondotik jabetu naiz gure aurrekoek egiten zituzten jolas asko daudela jada egiten ez direnak, beraz galtzeko zorian egon litezke. Eta hain dira politak! Pena litzateke ahaztea.

Jolas hauetaz pentsatzen ari nintzela gogoratu nuen gipuzkoako zonaldeko eskola txikietako ikasleak ere azken aste hauetan antzeko lanetan murgilduta dabiltzala beraien hizkuntzako saioetan . Izan ere eskola hauetako irakasleentzat antolaturiko mintegi bat ematen ari da ikasturte osoan zehar Elena Laiz irakaslea. Irakur idazketaren irakaskuntza konstruktibismoaren ikuspegitik eta eskola txikietako geletako adin aniztasuna dira mintegiaren ardatz nagusienetakoak. Bertan lantzen diren proiektu ezberdinen artean momentu honetan jolas liburuarena ari dira gauzatzen zenbait eskola txikitan, esaterako: Albizturren , Berrobin , Alkizan … Adibidez Albizturko ikasleak ere, ni bezala, etxean galdezka ibili dira beraien guraso, aiton-amon edo beste senitartekoei txikitako jolasei buruz. Ondoren jolas liburu bat osatuko dute bildutakoarekin.

Ba ni ere ikasle hauek egiten duten antzeko zerbaitetan hasiko naiz, Elenarekin ikasitakoak praktikan jarriz. Ugarte eta inguruetako aspaldiko jolasak pixkanaka biltzen eta grabatzen joango naiz, gero blogean argitaratzeko. Nire guraso, osaba izeba, bizilagun, ezagun eta ahal dudanei galdezka ibiliko naiz. Gustura jasoko nituzke edonoren (adibidez hau irakurtzen ari zaren horren) proposamenak eta ideiak. Badira jolasei buruzko webguneak baina ni zehazki gure ingurukoetan zentratuko naiz.

Oraingo honetan honako jolas hau dakart:

- Izenburua: TXISTA MISTA
- Jolas mota: esku- jolasa
- Jokalariak/partaideak: 2
- Materiala: harri, txanpon edo edozein objektu txiki
- Nola jolastu?

. Bi pertsonetako batek eskuetako batean zerbait (txanpona, harria, gozokia…) gordetzen du besteak ikusi gabe.
. Besteari erakusten dizkio bi eskuak itxita.
. Beste honek zein eskutan daukan altxorra asmatu behar du kantua edo esamoldearen laguntzaz.

- Abestia edo esamoldea:
Txista mista
organista
jaungoikoak esan dula
hemen ez badau
hemen daula

- Aldaera: Jakina da garaiak aldatzen doazela eta guk joku hauetan zertxobait aldatu egiten dugu noizean behin. Kasu honetan “jaungoikoa”-ren ordez guk batzutan “amona Arantxa” edo “amona Nekane” edo “attona Pedro” esaten dugu.
- Bideo grabaketa:



Bukatzeko aipamen bat. Blog honetako postak kategoria ezberdinatan sailkatuta daude (Ugarte, Alegi, Euskal Herria, Amezketa, Hezkuntza…). Jolas hauentzako kategoria espezifiko bat egingo dut. Baina zalantzan nago zer jarri: betiko jolasak edo aspaldiko jolasak edo jolas tradizionalak edo gure aurrekoen jolasak… Zer ote da egokiena? Zer iruditzen zaizu?

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (2) erantzun

PILOTA JOKOA. Kuan tin tuan…

Asteazkena, 2008 Martxoa 19
Kategoria: Jolasak

Duela gutxi Txarlik post batean aspaldiko jolasei buruz idatzi zuen. Jolas hauek errekuperatzea, geure seme alabei erakustea, bilduma bat egitea… proposatzen zuen.

Bada hauetako jolas bat nire gurasoek nire semeari egiten diotena. Kantuaz lagundurik egiten den pilota jokoa da, bakarka egitekoa. Kantuak dirauen bitartean pilotarekin boteak egin behar dira doinuaren erritmoan eta kantua amaitzean pilota eskuan hartu.

Beraien ume denboran gomazko pilota mazizoekin aritzen omen ziren, bote bizia egiten zuen pilota komeni izaten omen zen. Batez ere neskek egiten omen zuten. Eskola orduetako jolas garaietan eta baserriko lanetik libre izaten zituzten une urrietan aritzen omen ziren jotake. Izan ere jolas egitea denbora alferrik galtzea zela iruditzen omen zitzaien helduei, horregatik helduak siestan zeudenean edo igandetan egiten omen zuten jolas. Kartetan ere aritzen omen ziren ezkutuan eta kartak borda mandioko pareta zuloan gordetzen omen zituzten, inork ez jakiteko jolasean aritzen zirenik. Hau aldaketa ordutik hona! Sinestea ere kosta egiten da.

Ez da erraza kantuaren letra transkribitzea, ulertu ezinezko hitzak baitira. Esaterako nire aitak eta amak ez dute guztiz berdin abesten, nire amak eta bere ahizpak ordea bai. Auskalo nolakoa izango zen jatorrizko kantua. 1985ean Joseba Intxaustiren zuzendaritzapena argitaratutako EUSKAL HERRIA lan entziklopedikoan, jolas eta jokoei buruzko atalean, jolas hau deskribatzen da. Durangon jasotakoa dela jartzen du. Bertan ageri den kantuaren letrak baditu antzekotasunak baina desberdina da, baliteke jatorri berekoak izatea. Hona hemen gutxi gora behera gure etxean kantatzen dutena:

Kuan tin tu uan
a le li for
fai xi an
a le li se me ne en
a le li tengo
a le li for
maun

Ondorengo bideoetan nire ama eta bere ahizpa, Nekane eta Klarita Goikoetxea, ageri dira hurrenez hurren. Ez zaie ahaztu jolasa, oraindik ere badute trebetasuna.

Gustatuko litzaidake pilota jolas honi buruzko informazio gehiago izatea, beste inork ezagutzen ote duen, berdin abesten ote duten…



Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  feed harpidetu |  (7) erantzun

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft